Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Larunbatean Lizarrara iritsiko da Txapelketa

2015/02/19
Laugarren final-laurdena jokatuko da Lizarrako Gazteriaren Etxean, arratsaldeko 17:30ean hasita

2013ko esperientzia onari jarraiki, edizio berri honetan ere Lizarran Nafarroako Bertsolari Txapelketako saio bat antolatuko da; final-laurdenen faseko laugarrena hain zuzen.

Larunbatean, otsailaren 21ean izango da hitzordua, arratsaldeko 17:30ean Gazteriaren Etxean. Oholtzan kantuan sei bertsolari: Eneko Fernandez eta Josu Sanjurjo lesakarrak, Egoitz eta Iker Gorosterrazu iturendarrak, Ander Fuentes “Itturri” zubietarra eta Mikel Lasarte Barañaingo bertsolari gaztea, bere lehenengo parte-hartzea izango duena. Aurkezle lanetan berriz, Ainhoa Larretxea arituko da. Puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolaria, martxoaren 8an Lesakan jokatuko den finalaurrekora sailkatuko da zuzenean.

Saiorako sarrera sei eurokoa da, lau euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Sarrerak aldez aurretik Lizarrako euskaltegian eskuratu daitezke edo eta www.bertsosarrerak.eus atarian. Takila arratsaldeko 16:00etan zabalduko da, aretoan bertan.

Gaur egun hiru bertso-eskola daude Lizarran, 14 kidez osatutako helduen taldea eta 15 gazte biltzen dituzten bi talde. Transmisio arloan egiten den lan horri ekarpena egin nahi dio Txapelketak. Eta gure esker ona beraz, saioa antolatzen lagundu duten Lizarrako Udalari eta Lizarrako Bertso Eskolari.