Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Eneko Lazkoz nagusitu da Lakuntzako final-laurdenean eta erabakita geratu dira finalaurrekoak

2015/02/23
Eneko Lazkoz sakandarrak puntu gehien batuta, Burlatako finalaurrekorako sailkatzea lortu du. Puntuazioz jarraian izan ditu Xabier Terreros, Iñigo Olaetxea, Xabier Maia, Patxi Castillo eta Ioar Tainta.

Lakuntzako Kultur Etxea beteta, 190 bertsozalek jarraitu zuten bosgarren eta azken final-laurdeneko saioa. Sakanako gazteen bertso-eskolako kideek hasierako agurra kantatu ostean, giro bikaina lagun, sei bertsolariek saio gustagarria osatu zuten, denek ere bertsoaldi ederrak eginez. Hainbat ofizioetan eta kartzelako lanean umorea protagonista izanik, bertsozaleak gogoz txalotu zituen bertsoaldiak.

Azkenean, Eneko Lazkozek eskuratu zituen puntu gehien eta beraz, finalaurrekorako txartela. Nabarmentzekoa izan zen ere Lazkozek ateratako doinu berria, bakarkako lanerako erabili zuena.

Etxarriarrarekin batera, Xabier Terrerosek eta Iñigo Olaetxeak puntuazio altuak eskuratu zituzten eta jarraian ezagutu ahal izan zuten sailkapen orokorraren arabera, finalaurrekoetan izanen dira. Hona hemen Lakuntzako emaitzak:

BertsolariaPuntuazioa
Eneko Lazkoz 260,5 puntu
Xabier Terreros 244 puntu
Iñigo Olaetxea 242 puntu
Xabier Maia 230,5 puntu
Patxi Castillo 228 puntu
Ioar Tainta 215,5 puntu


18 bertsolari finalaurrekoetan

Final-laurdenetako faseko azken saioa zen Lakuntzakoa eta beraz, erabakita geratu dira zein 18 bertsolarik kantatuko duten finalaurrekoetan.

Martxoak 7, larunbata

Berriozar. Entzunaretoa, 17:30

Jon Barberena, Julio Soto, Eneko Fernandez, Iñigo Olaetxea, Alazne Untxalo eta Sarai Robles.

Martxoak 8, igandea

Lesaka. Kultur Etxea, 17:30

Aimar Karrika, Ander Fuentes “Itturri”, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Amaia Elizagoien eta Kotte Plaza.

Martxoak 15, igandea

Burlata. Kultur Etxea, 17:30

Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza, Oskar Estanga, Migel Mari Elosegi “Luze”, Saioa Alkaiza eta Aritz Saragueta.

Finalaurrekoetarako sarrerak, Berriozarko Ekia ekodendan, Lesakako okindegian eta Burlatako Ostarte tabernan eskuratu daitezke aldez aurretik. Internet bidez, www.bertsosarrerak.eus atarian.