Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Julen Zelaieta nagusitu da Iruritako final-laurdenean

2017/03/04
Martxoaren 26an Agoitzen jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du Berako bertsolariak. Lepo bete da Iruritako Gizarte Bilgunea, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren laugarren final-laurdena bertatik bertara jarraitzeko.

Iruritako Gizarte Bilgunean jokatu da 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren laugarren final-laurdena, aretoa bete duten 150 bertsozale baino gehiagoren aurrean. Han aritu dira kantuan Saats Karasatorre, Josu Sanjurjo, Julen Zelaieta, Ekaitz Astiz, Amaia Elizagoien eta Oskar Estanga. Karasatorrek lehen aldiz hartu du parte txapelketa batean. Fernando Anbustegi aritu da gai-jartzaile lanetan.

Saio puntugarriaren ostean, Julen Zelaietak eskuratu du puntu gehien, 306, eta horrenbestez, martxoaren 26an Agoitzen jokatuko den hirugarren finalaurrekorako sailkapen zuzena eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Josu Sanjurjo, Amaia Elizagoien, Oskar Estanga, Ekaitz Astiz eta Saats Karasatorre. Bost bertsolari hauek bihar Uharten jokatuko den azken final-laurdeneko puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 30etatik.

 

Honela geratu da saioko puntuazioa:

Julen Zelaieta
Josu Sanjurjo
Amaia Elizagoien
Oskar Estanga
Ekaitz Astiz
Saats Karasatorre

306
289
279
272,5
266
265,5

 

Bihar izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, 17:30ean. Han ariko dira Eneko Fernandez, Ander Fuentes ‘Itturri’, Sarai Robles, Xabier Maia, Irati Majuelo eta Oskar Sanz de Acedo. Saio horrekin bukatuko da lehen fasea, eta orduan zehaztuko dira txapelketako finalaurrekoetan ariko diren bertsolarien izenak.

www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke Uharteko saiorako sarrerak. Bihar bertan, gainera, Uharteko Arte Garaikideko Zentroko leihatiletan ere eskuratu ahal izango dira, 16:00etatik aurrera.