Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Aimar Karrika nagusitu da Lakuntzako final-laurdenean

2017/02/26
Eneko Lazkozi puntu erdiko aldea bakarrik aterata, martxoaren 26an Agoitzen jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du Auritzeko bertsolariak. 200 bertsozale baino gehiago bildu dira Lakuntzako Kultur Etxean, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hirugarren final-laurdena bertatik bertara jarraitzeko.

Lakuntzako Kultur Etxean jokatu da 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hirugarren final-laurdena, 200 bertsozaleren aurrean. Han aritu dira kantuan Egoitz Gorosterrazu, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi eta Iker Gorosterrazu. Illarregik lehen aldiz hartu du parte txapelketa batean. Lakuntzako Luis Fuentes ikastetxeko ikasleen agurrak eman dio hasiera saioari. Ainhoa Aranburu aritu da gai-jartzaile lanetan.

Saio puntugarriaren ostean, Aimar Karrikak eskuratu du puntu gehien, 344,5, eta horrenbestez, martxoaren 26an Agoitzen jokatuko den hirugarren finalaurrekorako sailkapen zuzena eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Eneko Lazkoz, Iker Gorosterrazu, Joanes Illarregi, Oier Lakuntza eta Egoitz Gorosterrazu. Bost bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 30etatik.

 

Honela geratu da saioko puntuazioa:

Aimar Karrika
Eneko Lazkoz
Iker Gorosterrazu
Joanes Illarregi
Oier Lakuntza
Egoitz Gorosterrazu

344,5
344
300
299,5
288
263,5

 

Datorren larunbatean izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Iruritako Gizarte Bilgunean, 17:30ean. Han ariko dira Oskar Estanga, Julen Zelaieta, Amaia Elizagoien, Josu Sanjurjo, Ekaitz Astiz eta Saats Karasatorre. Igandean, berriz, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan jokatuko da txapelketaren bosgarren final-laurdena. 17:30ean hasia, Eneko Fernandez, Ander Fuentes ‘Itturri’, Sarai Robles, Xabier Maia, Irati Majuelo eta Oskar Sanz de Acedo ariko dira kantuan. Saio horrekin bukatuko da lehen fasea, eta orduan zehaztuko dira txapelketako finalaurrekoetan ariko diren bertsolarien izenak.

www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke bi saioetarako sarrerak. Iruritako saiorako sarrerak, gainera, Elizondoko Fantxike dendan erosi daitezke, eta Uharteko saiokoak Uharteko Kultur Etxean, 17:00etatik 21:00etara. Saioen egunean bertan, gainera, aretoetako leihatiletan eskuratu ahal izango dira, 16:00etatik aurrera