Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Agoitzeko saioak zehaztuko ditu Anaitasunako finalistak

2017/03/23
Igandean jokatuko da txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, Agoitzeko Kultur Etxean, 17:30ean. Bukatutakoan jakingo dira Anaitasunako finalean izango diren 8 finalisten izenak.

Azken txanpan sartua dago 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketa: ate joka dago apirilaren 8ko finala, eta bertan izango diren bertsolariak zehazteko sailkatze faseak azken urratsa izango du datorren igandean, martxoaren 26an. Agoitzeko Kultur Etxean, 17:30etan hasita, sei bertsolari arituko dira finalerako postu baten bila: Aimar Karrika, Julen Zelaieta, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Patxi Castillo eta Oier Lakuntza. Fernando Anbustegik egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak. Agoizko Udalaren laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak saioa antolatzeko.

Saioko lehen sailkatua finalaurrekoetara pasako da zuzenean. Gainerakoek, finalaurrekoko faseko sailkapen orokorraren arabera jakingo dute finalean izanen diren ala ez. Zortzi bertsolari ariko dira finalean (finalaurreko bakoitzeko irabazlea eta puntuazioaren araberako bost lehen sailkatuak), fasean aritu diren 18etatik. Momentuz, Julio Soto eta Xabi Maia dira baieztatutako lehen bi finalistak, haien saioak irabazita.

Sarrerak salgai

Hamar euroko salneurria dute saioetarako sarrera arruntek, sei eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideen eta 16 urtetik beherakoen kasuan. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak, eta baita Agoizko Angiluerreka Elkartean ere. Saioaren egunean, gainera, 16:00etan irekiko dira aretoko leihatilak, eta han ere eskuratu ahal izanen dira sarrerak. Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.bertsozale.eus webgunean aurkituko duzue.