Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Umorea eta giro ederra nagusi Bardoen lehen asteburuan

2016/01/25
Ostiralean Lizarran, Donamarian, Beran eta Barañainen antolatutako saioekin eman zitzaion hasiera ekimenari eta larunbatean berriz Altsasun izan zen hitzordua. Puntu irabazleak oro har oso banatuta geratu dira, talde bisitari zein etxekoen artean.

Lizarrako Gure Hizkuntza elkartean ospatu zen lehen saioa, bertakoek goxoki lagunduta. Lagun arteko giroan “Lizarrako kardoek” (Aitor Irazustabarrena, Pello Etxaniz, Cesar Etxeberria, Mikel Pinillos, Ander Aranburu eta Egoitz Galarzak) Bardoetan lehen parte-hartzea izan zuten eta Barañain/Berriozarko “Hiru garabardo eta pintxo bat” talde gaztearekin batera (Sarai Robles, Manex Mailharin, Mikel Lasarte eta Ainara Ieregi) umoretsu osatu zuten saioa. Azkenean, talde bisitariak lortu zuen puntu irabazlea.

Donamariako herriko ostatuan ere, saio bizi eta umoretsua izan zen eta bertaratutako 60 bertsozaleek gogotik egin zuten barre. Hasierako agur antzeztuen ondoren bertsolariek saioa ederki osatu zuten eta azkenean etxeko “Iluminatiums” taldeak (Iker Gorosterrazu, Amaia Elizagoien eta Alazne Untxalo) eraman zuen puntua. Haiekin batera kantuan aritutako “Pirini Bardó” taldeko kideentzat (Aitor Zazpe, Ibai Carballo, Karine Etxeberri eta Fernando Ziganda) debuta izan zen eta ariketaz ariketa hasiberrien freskurarekin txukun aritu ziren.

Donamaria

Bortzirietara salto eginez, Berako Kataku ostatuan 40 entzule inguru bildu ziren bertako “Larungo antenak” (Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Aitor Elexpuru) eta “(Larraun da Araitz) Bi dozena” (Joana Ziganda, Luis Mari Larreta eta Juan Mari Irastortza) taldeak ikustera. Afari-meriendaren ondotik ekin zitzaion saioari eta hemen ere umorea nagusi, bertsoaldirik gehienak oso txalotuak izan ziren. Puntu irabazlea beratarrek jaso zuten.

Bera

Iruñerrian, Barañaingo Haizea elkartean jokatu zen eguneko azken saioa. 60 bertsozale bilduta, Barañaingo “Barañetek” (Ander Baiano, Mintxo Astiz, Iñigo Aranguren eta Sahats Aleman) zein Lesakako “Tantirubertso” taldeko kideek (Eneko Fernandez, Maddalen Lopez eta Ioar Tainta) hasierako agurrekin giro ezin hobea sortu zuten publikoaren eta bertsolarien artean, saio guztian zehar mantendu zena. Azkenean, lesakarrentzat izan zen puntu irabazlea. 

Barañain

Larunbatean berriz, Altsasuko Gure Etxean aritu ziren Bardoak. Herriko “Bota lasai” taldeko kide gehienek (Joxema Leitza, Idoia Granizo, Aitziber Grados eta Ekain Alegre) oso gazteak izanik, txapelketan debuta egin zuten, ariketa oso txukunak eskainiz eta haiekin batera, Iruñeko “Xirristi Drimtim” taldekideak izan ziren kantuan (Unai Uberetagoena, Xabier Zarraluki eta Migel Anjel Ortiz de Guzman). Saioa motel xamar atera bazen ere, 40 entzulek adi jarraitu zituzten bertsolariak eta Altsasu bertako kideak kantuan izatea aspaldiko urteetako nobedadea izan zen.

Altsasu

Asteburuan segida izanen du Bardoak ekimenak, beste sei saiorekin. Iruñerrian hiru saio jokatuko dira; Berriozarren ostiralean eta Iruñean ostiral zein igandean. Hauekin batera, Leitzan ostiralean eta Lesakan igandean bi saio eginen dira.

Bardoak 2016
  • Urtarrilak 22 - Martxoak 19

  • 16 talde

  • 121 parte-hartzaile

  • 71 bertsolari

  • 23 saio