Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Bigarren fasea amaituta, hiru talde sailkatu dira Bardoen finalerako

2016/03/07
Asteburuan txapelketaren bigarren faseko azken lau saioak jokatuta, erabakita geratu dira talde finalisten izenak. Atekaberts (Leitza), Obario Maldikoak (Iruñea) eta Larungo antenak (Bera) izango dira martxoaren 19an Etxarri-Aranatzen eginen den finalean kantuan.

Ostiralean hiru saio izan zituen ekimenak; Igantziko Biltoki elkartean Lesakako “Unibertsolariak” (Iban Garro, Josu Sanjurjo, Jon Silveira, Joxe Juan Zubieta “Etxabe”) eta Leitzako “Atekaberts” (Ander Fuentes “Itturri”, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi) taldeko kideak aritu ziren. 50 bertsozale bilduta, pareko saioa egin zuten bi taldeek eta puntu irabazlea lesakarrentzat izan bazen ere, ligaxka barruan jokatutako bi saioen puntu baturak leitzarrak pasarazi zituen finalera.

Eguneko bigarren saioa Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegi Kultur Etxean jokatu zen. Bertako “Obario Maldikoak” (Saioa Alkaiza, Irati Majuelo, Aimar Karrika) eta Barañaingo “Hiru garabardo eta pintxo bat” (Ainara Ieregi, Mikel Lasarte, Manex Mailharin) taldeak izan ziren kantuan. Aretoa 75 lagunek beteta, Barañaingo gazteek eskuratu zuten puntu irabazlea, baina puntu batura handiagoa lortuta, “Obario Maldikoak” taldeak egin du aurrera.

Etxarri-Aranazko gaztetxean izandako saioan berriz, “Einnekin” (Eneko Lazkoz, Unai Artieda, Jon Arratibel) eta Berako “Larungo antenak” (Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru) taldeek lehen saioa jokatu zuten. Beratarrek irabazi eta  larunbatean izan zuten ligaxka barruko bigarren saioa, Berako Kataku ostatuan. Kasu honetan ere “Larungo antenak” taldeko kideek puntu irabazlea eskuratu eta finalera sailkatzea lortu zuten.

Etxarriko finalerako sarrerak, salgai

Bi hilabeteren ostean, Bardoak Nafarroako taldekako txapelketaren hirugarren edizioa  martxoaren 19an ailegatuko da amaierara. Etxarri Aranazko frontoian jokatuko da finala, arratsaldeko 17:00etan hasita. Asteburuan sailkatzea lortu ondoren, Atekaberts (Leitza), Obario Maldikoak (Iruñea) eta Larungo antenak (Bera) taldeek hartuko dute parte finalean.

Finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. 10 euroan dago sarrera Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, 5 euroan 16 urtetik beherakoentzat eta 12 euroan gainerakoentzat. Horrez gain, saiorako sarrerak salgai egonen dira Iruñean, Beran, Leitzan, Lesakan eta Etxarri Aranatzen.

Ohi bezala, finala amaituta triki-poteoa egongo da herrian barna eta amaitzeko Bardoen afaria. Afarirako txartelak ere salgai daude, soilik internetez erosten ahal dira eta kopuru mugatua da.

Bardoak 2016
  • Urtarrilak 22 - Martxoak 19

  • 16 talde

  • 121 parte-hartzaile

  • 71 bertsolari

  • 23 saio