Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bardoak gogoz eta bertsozale ugari bigarren asteburuan

2016/02/01
Bardoen izaera hurbil eta umoretsuari segida eman zaio ostiral eta igandean zehar jokatutako sei saioetan. Adin guztietako bertsozaleak bildu dira eta bi ligaxken sailkapena erabakita geratu da.

Ostiralean Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean izan zen lehen hitzordua. 60 bertsozalek aretoa beteta, arretaz jarraitu zuten Iruñeko “Obario Maldikoak” taldeak (Saioa Alkaiza, Irati Majuelo eta Aimar Karrila) eta Malerreka/Baztango “Iluminatiums” taldeak (Iker Gorosterrazu, Amaia Elizagoien eta Alazne Untxalo) egindako saio parekatua. Azkenean etxeko taldearentzat izan zen puntu irabazlea. Ondotik prestatutako merenduak ere parte-hartzaileak zein bertsozaleak bildu zituen.

Iruñea(1)

Asteburuko bigarren saioa Berriozarko Taupada gaztetxean antolatu zen. 40 bertsozaleren aurrean aritu ziren bertako “Hiru garabardo eta pintxo bat” taldea (Ainara Ieregi, Sarai Robles, Mikel Lasarte eta Manex Mailharin) eta Etxarri Aranazko “Einnekin” taldea (Joseba Beltza, Unai Artieda eta Saats Karasatorre). Saio arina eta umoretsua izan zen, ikuslegoaren algarak piztu zituen bertsoaldi ugarirekin. Etxarriarrek eskuratu zuten puntu irabazlea.

Ostiraleko hirugarren eta azken saioa Leitzan jokatu zen, Atekabeltz gaztetxean. Bertsozale ugarirekin giro onean aritu ziren bertsolariak. Herriko ”Atekaberts” taldea alde batetik, bi bertsolari oso gazteekin (Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Migel Mari Elosegi “Luze”) eta Barañaingo “Barañetak” taldekideak bestetik (Mintxo Astiz, Ander Baiano, Edurne Errea eta Iñigo Aranguren). Kasu honetan leitzarrentzat izan zen puntua.

Leitza

Igandean berriz, saio bikoitza antolatu zen Lesakako Arrano elkartean. Eguerdiko 12:00etan lehenik bertako “Unibertsolariak” (Josu Sanjurjo, Iban Garro, Jon Silveira eta Joxe Juan Zubieta “Etxabe”) eta Altsasuko “Bota lasai” taldea (Joxema Leitza, Ekain Alegre, Idoia Granizo eta Aitziber Grados) aritu ziren kantuan. 40 bertsozalek lagunduta osatu zuten saioa eta etxeko taldeak lortu zuen puntu irabazlea. Ondotik bazkaritarako tartea hartuta, arratsaldeko 15:30ean ekin zitzaion bigarren saioari. Lesakako “Tantirubertso” taldeko kideak (Eneko Fernandez, Ioar Tainta, Maddalen Lopez eta Iñigo Olaetxea) izan ziren kantuan eta haiekin batera Leitzako “Atekaberts” taldekideak (Ander Fuentes “Itturri” eta Joanes eta Xabat Illarregi anaiak). Kanpoko taldeak lortu zuen saioa irabaztea eta ligaxka barruko bigarren garaipena izanik, bigarren faserako sailkatzea lortu zuten leitzarrek.

Lesaka(1)

Asteburuko azken saioa Iruñean jokatu zen, Zaldiko Maldiko elkartean. Berriz ere aretoa betea, ia 60 lagunek jarraitu zituzten “Mirristi Drimtim” taldekideek (Oscar Sanz de Acedo, Mikel Juaniz eta Martin Azpiroz) eta Berako “Larungo antenak” taldekideek (Patxi Castillo, Jokin Pinatxo eta Aitor Elexpuru) osatutako bertsoaldiak. Auzoko gaztetxoen bertso-eskolako kideekin batera agur musikatuak eskaini zituzten bi taldeek eta oso giro atsegina izan zen saioan zehar. Azkenean beratarrentzat izan zen puntua eta aurretik beste saio bat irabazita, bigarren faserako txartela lortu zuten.

Iruñea(2)

Datorren asteburuan Bardoak ekimenaren lehen faseko azken saioak jokatuko dira. Beste bost saio izanen dira ostiraletik igandera bitarte, Mezkiritz, Alli, Otsagabia, Etxarri-Aranatz eta Iruñean.

Bardoak 2016
  • Urtarrilak 22 - Martxoak 19

  • 16 talde

  • 121 parte-hartzaile

  • 71 bertsolari

  • 23 saio