Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Saio jendetsuak eta giro ederra Bardoen lehen asteburuan

2014/02/10
Bardoak taldekako ekimenak hasiera indartsua izan du asteburuan. Arbizu, Zubieta, Lesaka, Erratzu, Txantrea eta Iruñean sei saio egin ziren ostiral eta larunbat bitartean eta bertsozale ugari elkartu zen horiekin gozatzera. Osotara, 36 bertsolari aritu ziren bertsotara, horietako batzuk jendaurrean lehen aldiz.

Ostiralean jarri zen martxan Bardoak taldekako txapelketa, lau saio jokatu ziren ia aldi berean Nafarroako lau herritan.

Lesakako Linddurrenborda sagardotegiko gibeleko jangela betea zela ospatu zen Bardoak 2014ko lehen kanporaketa. Etxekoen taldean Maddalen Lopez, Iban Garro eta Eneko Fernandez aritu ziren. Xirrixitikoen agur landu eta atseginean taldekide ugarik parte hartu zuten, eta bertsotan, Xabier Zarraluki, Martin Azpiroz eta Mikel Xabier Juaniz aritu ziren. Bertso ilunabar polita pasatzeko aukera eskeini zuten bertsolariek, eta azkenean lesakarren aldera erori zen saioa.

 Zortziko-hasierako agurra.JPG

Giro polita ere izan zen nagusi Zubietako estalpeko saioan. Arratsaldeko 8etan merendua izan  zen eta ondotik bertso saioa, guztira 45 lagun elkartu zirelarik bertan. Saio antolatzailea Etxeko kontuk izan zen eta talde gonbidatua, berriz, Mirristi Drimtim. Bertsolariek harrera beroa jaso zuten saio osoan zehar, bertso saio polita atera zen eta etxeko taldea izan zen nagusi.

2014-02-10 Zubieta 1.JPG

70 lagun inguruk Erratzuko Zubipunta ostatuan hartu zuten aterpe. Ostatua gainezka zegoen eta bertso-merendua arina eta bizia izan zen. Ondoko saioa parekatua izan zen. Bertsotan Baztango Lepanatuek 2 eta Barañaingo Barardoak. Etxeko taldea izan zen lehen puntua eraman zuena epaile eta publikoaren iritziz.

Arbizun 90 lagunek bete zuten Argibide elkartea, Sakanako Bizkorratxiko eta Leitzako Harrapazank taldeen saioa segitzeko. Saio hasieran herriko Erik musikariak giroa berotu zuen, eta horren ostean hasiera eman zioten bertsolarien jardunari. Saio bizia eta umoretsua izan zen eta aipatzekoa Joanes Ilarregi gazteak egin zuen saio dotorea, 15 urterekin, bikain moldatu zen. Azkenean leitzarrek haiekin eraman zuten jokoan zegoen puntua.

Arbizu partaideak

Larunbateko bi saioak Iruñean izan ziren, Alde Zaharrean eta Txantrean. Zaldiko Maldiko elkartea bete zuten bertan elkartu ziren 60 lagunek. Iruñeko Bertze maldikoak eta Larraungo Paalletan Mocedades izan ziren oholtza gainean. Larraungo taldean jendaurrean lehen aldiz aritu ziren bi bertsolari izan ziren, Joana Ziganda eta Luis Mari Larreta. Bertsolari guztiek maila ona eman zuten eta azkenean Iruñeko taldearentzat izan zen saioa.

Paalletan eta Bertze Maldikoak

Txantreako Auzotegin jokatu zen asteburu emankor honen azken saioa, etxeko 12 obario eta 11 pedrada eta Mailopetarrak taldeekin. Han ere 60 bertsozale elkartu ziren saioarekin gozatzeko. Mailopetarrak taldean Aitor Irastortzak lehen aldia zuen jendaurrean eta ederki gainditu zuen proba. Txantxearren taldean Erika Lagoma, Irati Majuelo eta Saioa Alkaizak kantatu zuten, eta azkenean haientzat izan zen saioa.

Asteburuan segida izanen du Bardoak ekimenak, beste bost saiorekin. Ostiralean Beran eta Iruñean; eta larunbatean, Otsagabian, Leitzan eta Gaintzan.

 

 

Xirristi Drimtim, Lesakako hasierako agurrean.

Bardoak 2014
  • Otsailak 7 - Apirilak 12

  • 16 talde

  • 110 parte-hartzaile

  • 60 bertsolari

  • 23 saio