Nafarroa

Xalto sariketa Goizuetan jokatuko da azaroaren 20an

2015/11/17
Hamahirugarren edizioa izango da aurtengoa, Goizuetako Umore Ona elkartean bertso-afari formatuan antolatuko dena.

Patxi Castillo (Bera), Saioa Alkaiza (Iruñea), Iker Gorosterrazu (Ituren), Alazne Untxalo (Ituren), Manex Mailharin (Berriozar), Amaia Elizagoien (Oronoz), Egoitz Gorosterrazu (Ituren) eta Sarai Robles (Barañain) arituko dira kantuan. 21:00etan hasita, lehenik afaria eta ondotik mahai bueltan saioa egingo da zortzi bertsolari gazteekin. 

Maider Ansa gai-jartzaileak gidatuta, hauxe da bertsolariek egin beharko duten lana:

  • Zortziko handian binaka gaia emanda bina bertso osatu
  • Zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso osatu
  • Zortziko txikian bi punturi erantzun

Puntuaziorik altuena duten bi bertsolarien artean:

  • Kopletako saioa
  • Gaia emanda bakarka bina bertso osatu

 

Sarrerak 15 eurotan eskuratu daitezke Goizuetako Amaia kafetegian eta Nafarroako Bertsozale Elkartera deituta (948 14 37 47) edo idatzita (nafarroa@bertsozale.eus).

 

Xalto sariketa, 1993. urtean egin zen lehen aldiz eta aurten hamahirugarren edizioa jokatuko da. Andres Narbarte “Xalto” bertsolariaren omenez egina, Goizuetan, bere jaioterrian ospatuko da finala.

Hamahiru edizio hauetan bertsolari nafarren harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Julio Soto, Estitxu Arozena, Xabier Silveira, Amets Arzallus, Xumai Murua, Jon Barberena, Diego Riaño, Jon Elizetxe, Aimar Karrika… izan dira Xalto sariketa irabazi dutenetako batzuk. Duela bi urteko edizioan berriz, Mikel Lasarte barañaindarrak jantzi zuen txapela.

Sariketa honetan parte hartzeko hiru baldintza bete behar dituzte bertsolariek: Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean inoiz kantatu ez izatea, aurretik Xalto sariketa irabazi ez izatea eta 1985-2000. urteen baitan jaioak izatea.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Xalto sariketa eta Izeta sariketa daude. Horien helburu nagusia, Nafarroako bertsolari gazte zein hasi berriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.

 

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Xalto sariketaren antolatzailea, Goizuetako Udalaren laguntzarekin. Horrez gain, Goizuetako Umore Ona elkartearen laguntza ere badu ekimenak.