Nafarroa

Sei emanaldi eskainiko ditu Iruñeko Bertsoaroak

2014/10/15
Udazkenarekin batera, urteroko hitzordua ailegatu da Iruñera, Bertsoaroa zikloa. Urriaren 23tik azaroaren 13ra hiru bertso saio, Etxepare Rap eta Beira taldearen emanaldiak eta mahai-inguru bat izango dira.

Urtero legez, Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, udazkenerako programazio oparoa prestatu du. Hiriburuko bertsozaleen artean sona handia duen Bertsoaroa zikloak lau astetan sei saio eskainiko ditu.

Urriaren 23an emango zaio hasiera zikloari bertso saio batekin. Sei bertsolari izango dira oholtza gainean: Amets Arzallus, Jon Barberena, Andoni Egaña, Xabier Legarreta, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Aurkezle lanetan, berriz, Fernando Anbustegi.

Urriaren 29an "Ahozko generoaren transmisioa" hitzaldi sorta eta mahai-ingurua izango da. Gaian adituak diren Jon Sarasua, Antton Luku eta Joseba Tapiak hartuko dute parte, Karlos Aizpuruaren gidaritzapean.

Hurrengo egunean, urriaren 30ean, bertsolari gazteen saioa egingo da. Patxi Castillo, Maddalen Lopez, Saioa Alkaiza, Maider Arregi, Aitor Servier eta Joanes Illarregi igoko dira taulara. Maider Ansa izango da aurkezlea.

Azaroaren 4an Beira taldeak bertso sorta musikatuak eskainiko ditu. Bost kidek osatzen dute taldea eta Jon Martin bertsolariaren letrak eta Igor Arruabarrenaren doinuak entzun ahalko dira kontzertuan.

Azaroaren 11n beste emanaldi berezi bat izango da, Etxepare Rap. Euskal letren errepublikara egindako bidaia da Imanol Epeldek proposatzen duena, rap oinarrietan emana.

Azaroaren 13an amaituko da aurtengo Bertsoaroa, ohi denez bertso saio berezi batekin. Maialen Lujanbio, Oskar Estanga, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aimar Karrika eta Nerea Elustondok hartuko dute parte. Ainhoa Aranburu izango da aurkezlea.

Urriaren 29ko mahai-ingurua salbu, saio guztiak Iruñeko Gurutze Plazako Institutuko Areto Nagusian egingo dira, arratsaldeko 20:00etan. Mahai-ingurua Civivox Iturrama zentroan izango da, arratsaldeko 19:00ean hasita.

Emanaldia guztiak doan dira. Hala ere, gonbidapena eskuratu behar da. Gonbidapenak emanaldiak hasi baino ordubete lehenagotik banatuko dira aretoan bertan.

Egitaraua PDF formatuan hemen.