Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Ostiralean jokatuko da Iruñean Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

2015/04/22
Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatuta, 14 eta 18 urte bitarteko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 29.edizioa izango da aurtengoa, apirilaren 24an Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean jokatuko dena.

Arratsaldeko 19:00etan hasita, 10 bertsolari gaztek hartuko dute parte: Joanes Illarregi (Leitza), Xabat Illarregi (Leitza), Alai Arozena (Leitza), Manex Mailharin (Berriozar), Maddapen Lopez (Lesaka), Uxue Mesa (Lesaka), Ekhiñe Zapiain (Bera), Idoia Granizo (Altsasu), Ekain Alegre (Altsasu) eta Aitziber Grados (Altsasu).

Saioa ikusteko sarrera doakoa izango da eta bertsoaldien ostean merendua eskainiko da elkartean bertan.

Ainara Ieregi aurkezleak gidatuta, honakoa da gazteek egin beharko duten lana:

1.fasea. 10 bertsolari

  • Hasierako agurra
  • Gai orokorrarekin bertso bat osatu
  • Lau oinak emanda bertso bat osatu
  • Hitza emanda bertso bat osatu

 

2.fasea. 4 bertsolari

  • Binaka, gaia emanda, bina bertso zortziko txikian
  • Banaka, lehen puntua emanda bertso bat zortziko txikian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso koplatan

 

Lehen bi postuak eskuratzen dituztenek Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatzea lortuko dute. Euskal Herriko finala eta festa ekainaren 27an izango da, Orion.

Lehia formatuko ekimen honekin batera, Eskolartekoa, ikasturtean zehar egiten diren bestelako ekimenen bilduma da: bertso-merenduak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketa… Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jendaurrean erakutsi ahal izateko, beraien artean harremanak sendotzeko, hurbilekoak bertsozaletzeko, ahozkotasuna eta euskara klasetik kanpo lantzeko… parada ematen duten egitasmoak dira finean Eskolartekoa osatzen dutenak.

 

Gaur egun 18 urtetik beherakoen 20 bertso-eskola eta 170 ikasle daude Nafarroan. 10 irakaslek gidatuta, eskola orduz kanpo ondorengo herrietan lantzen da bertsolaritza: Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi, Doneztebe, Ituren, Erratzu, Leitza, Lekunberri, Betelu, Altsasu, Iruñea, Barañain eta Lizarran. 

 

Eskolartekoaren antolatzaileak Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea dira, Zaldiko Maldiko elkartearen laguntzarekin.

2014ko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa