Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Mikel Lasartek irabazi du Xalto bertso sariketa

2013/11/26
Azaroaren 22an Goizuetako Umore Ona elkartean jokatutako finalean nagusitu zen nafar bertsolari gaztea

Xalto bertso sariketako hamabigarren edizioak final berezia izan du aurtengoan. Formatua eraberrituta, bertso-afari moduan, Goizuetako Umore Ona elkartean 50 lagun bildu ziren saioa ikusteko. Kantuan berriz, Iruñean zein Leitzan jokatutako kanporaketetatik sailkatutako sei bertsolari nafar: Xabier Maia, Oier Amiano, Iban Garro, Mikel Lasarte, Iker Gorosterrazu eta Amaia Elizagoien. Maider Ansa gai-jartzaileak gidatuta, ofizioka zein bakarka hainbat lan egin zituzten bertsolariek eta azkenean Mikel Lasarte barañaindarrak jantzi zuen txapela.

Giro jator eta epelean gauzatu zen saioa, gai sozial, politiko eta umoretsuak tratatuz. Goizuetako talde eragile desberdinek ere parte hartu zuten saioan, haiek hautatutako objektu banari kantatu behar izan baitzioten bertsolariek. Ikastetxea, Guraso Elkartea, Gazte Asanblada, Goizuetako gazteak eta Umore Ona elkartea bera izan ziren saioan inplikatutako taldeak.

Xalto finala-bertsolari eta bertsozaleak

Bertsolari guztiek puntuen joskeran, azken kolpeetan edo eta ideietan beraien ekarpenak egin zituzten. Azken urte hauetan Nafarroako helduen bertso-eskoletan egiten ari den lanaren erakusgarri bikaina izan zen saioa. 17 urte besterik ez dituen Mikel Lasarte bertsolari gaztea oso erregular aritu zen eta saio ezin txukunagoa egin ostean, Alaitz Eskuderok Goizuetako Udalaren izenean jantzi zion txapela.

Bi urtetik behin egiten den Xalto bertso sariketa, Nafarroako bertsolari gazte zein hasiberriei zuzenduta dago. Jendaurrean kantatzeko aukera ematea du helburu, hain ezagunak ez diren bertsolari nafarren bertsogintza ezagutarazteko.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du Xalto sariketaren hamabigarren edizioa, Goizuetako Udalaren babesarekin. Laguntzaile izan ditu halaber, Eusko Jaurlaritzaren Kultura saila, Goizuetako Umore Ona elkartea, Leitzako gaztetxea eta Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartea.