Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Joanes Illarregi eta Ekain Alegre nagusitu dira BERTSOKABI Sariketako bigarren kanporaketan

2017/10/11
Iruñeko Herriko Tabernan jokatutako saioan izan dira garaile, Josu Sanjurjok eta Iñigo Gorostarzuk eta Mikel Lasartek eta Idoia Granizok osatutako bikoteen aurretik. Giro ederrean egin da saioa, taberna goraino bete duten 70 bat entzuleren aurrean.

Giro ederra jarri dute 70 entzule inguruk, Iruñeko Herriko Tabernan jokatu den BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketaren bigarren kanporaketan. Hiru bikote eta sei bertsolari izan dira taula gainean: Joanes Illarregi eta Ekain Alegre, Josu Sanjurjo eta Iñigo Gorostarzu eta Mikel Lasarte eta Idoia Granizo. Gai-jartzaile eta aurkezle zereginak, berriz, Pablo Perezek bete ditu. Publikoko bost pertsonek izan dute bertsolarien jarduna epaitzeko ardura. Lan puntuagarriak behin bukatuta, berdinketa izan da Joanes Illaregik eta Ekain Alegrek eta Josu Sanjurjok eta Iñigo Gorostarzuk osatutako bikoteen artean. Desenpaterako ariketa jokatuta, azkenean, lehen biak izendatu ditu publikoak saioko irabazle. Hala, urriaren 26an Iruñeko Arrano Elkartean jokatuko den finalerako txartela eskuratu dute.

Bikoteka banatu dituzte saioan zehar egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu dira sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu dituzte Mikel Lasartek, Iñigo Gorostarzuk eta Joanes Illarregik, erritmo ederrean. Bertso proben tartean bikotekako lana jarri dute balioan: tabu jokoan, gorringoa hitza asmatu du Idoia Granizok, Mikel Lasarte kideak arraultza, zuringoa, postrea eta tortilla hitzak erabili gabe pistak ematen zizkion bitartean. ‘Bat, bi, hiru’ jolasean, gustura oinarekin hasita puntuka aritu dira Josu Sanjurjo eta Iñigo Gorostarzu, hiru bat minutuz, poto egin arte. Ezkutuko pertsonaia (Shrek) asmatzeko ahaleginetan aritu da bestalde Ekain Alegre, Joanes Illarregi kidearekin galde-erantzunean.

Proben ostean iritsi da bakarkako ariketa, Josu Sanjurjok, Ekain Alegrek eta Idoia Granizok bete dutena, eta horren ostean, saioari bukaera emateko, koplaka aritu dira hiru bikoteak, egoera emanda. Horren ostean jakinarazi du aurkezleak publikoko botoen emaitza, eta orduan jakin da berdinketa zela bi bikoteren artean. Hala, gaia emanda, habanera bat egin behar izan du, erdi eta erdi, bikote bakoitzak. Azken ariketa horrek eraman du balantza Joanes Illarregi eta Ekain Alegreren aldera, eta modu horretan izendatu dituzte saioko irabazle.

Azken kanporaketa, finalaren aurretik

Hirugarren eta azken kanporaketan nagusitzen diren bikotearekin arituko da finalean gaurko bikote irabazlea, eta baita pasa den asteko saioan irabazitako bikotearekin ere. Urriaren 20an izango da azken kanporaketa hori, Barañainen, 20:30etan (aurretik merendua izango da, 20:00etan). Han izango dira Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi, Saioa Alkaiza eta Aitor Irastortza, eta Saats Karasatorre eta Unai Artieda bertsolariak. Iker Mundiñano izango da gai-jartzailea.

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Behin desenpatea jokatuta, Ekain Alegre eta Joanes Illarregi sailkatu dira finalera.