Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Iruñeko SuBerri Tabernan jokatuko da BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketako lehen kanporaketa

2017/10/04
Ostegunean izango da saioa, hilaren 5ean, 19:30ean. Iker Gorosterrazu eta Ander Baianok, Alazne Untxalok eta Irati Majuelok eta Patxi Castillok eta Egoitz Gorosterrazuk osatutako bikoteek hartuko dute parte lehen saio horretan.

Heldu den ostegunean, hilak 5, emango zaio hasiera aurten lehen aldiz jokatuko den BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketari. Osotara, 16 eta 30 urte arteko hemezortzi bertsolari ariko dira sariketan, bikoteka. Horietatik sei izango dira osteguneko lehen kanporaketan: Iker Gorosterrazu eta Ander Baiano, Alazne Untxalo eta Irati Majuelo eta Patxi Castillo eta Egoitz Gorosterrazu. Iruñeko SuBerri tabernan (Kaldereria kalea, 7) jokatuko da kanporaketa, 19:30etatik aurrera. Bikote irabazlea zuzenean sailkatuko da urriaren 26an Iruñeko Arrano Elkartean jokatuko den finalera. Bigarren eta hirugarren kanporaketak, hurrenez hurren, urriaren 11an eta 20an izango dira, Iruñeko Herriko Tabernan eta Barañaingo Gaztetxean; bikote irabazleek finalerako txartela eskuratuko dute.

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Sariketa berri bat, Xalto Sariketa ordezkatzeko

Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Azken urteetan, txandaka, bi sariketa nagusi antolatu ditu elkarteak Nafarroan, Xalto Sariketa eta Izeta Sariketa. 1992an antolatu zen lehenbizikoz Xalto Sariketa, eta hamairu edizio jokatu dira ordutik. Izeta Sariketak, aldiz, segiarren aldia izan zuen iazkoa. Xabier Silveira, Estitxu Arozena eta Julio Sotoren gisako bertsolariak, gerora Nafarroako txapeldun izandakoak, izan dira halako sariketetan txapeldun.

Hainbat arrazoi medio, Xalto Sariketa berriz ez antolatzea erabaki zuen iaz Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bere tokian, edonola, sariketa berri bat martxan jartzeko hautua egin zuen elkarteak, eta egitasmo berri hori Iruñerrian txertatzeko asmoa nabarmendu zuen. Hala jaio da BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, aurten lehen aldiz ospatuko dena.

Sei bertsolari ariko dira lehen kanporaketan, hiru bikotetan.