Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoako Herriartekoa

Gipuzkoako bertso mugimenduan parte hartzen duten kideekin auzolanean antolatutako ekimena da Gipuzkoako Herriarteakoa.

Hain zuzen ere, tokian tokiko bertsolaritza hauspotzea da ekimenaren helburua. Horretarako, herrietako gai jartzaile, bertsolari, epaile zein antolatzaileak izango dira protagonista bai oholtza gainean eta baita oholtzatik kanpo ere, Herriartekoa hasten denetik bukatzen denera arte.

Taldeka parte hartzeak ekimenaren ardatza gozamena izatea bultzatzen du lehia eta jolasa uztartuz.

38 taldek hartuko dute parte guztira, eta talde bakoitzak gutxienez 6 partaide izango ditu. Talde guztiek abestuko dute “etxean” eta “kanpoan”, beraz, guztiak izango dira antolatzaile eta bisitari. Saioaren antolaketako behar izanez arduratuko dira taldekideak euren etxean.