Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Osinalde eta Am… ona aurrez aurre, larunbatean Bergaran

2017/05/09
Gipuzkoako Herriarteko azken finalaurrekoa izango da larunbatean, Bergarako pilotalekuan, 17:30ean hasita. Bertan erabakiko da Azpeitian maiatzaren 27an izango den bigarren taldea zein izango den.

Osinalde (Gabiria) eta Am…ona!  (Amasa-Villabona) izango dira aurrez aurre larunbatean, Bergarako frontoian. Saioa 17:30ean hasiko da. Osinalde taldeko kideak dira  Aratz Igartzabal, Endika Igartzabal eta Gorka Maiz bertsolariak. Beñat Iguaran, Amaia Agirre eta Ander Goikoetxea, berriz, Am…ona! taldekoak.

Gai jartzaile lanetan ariko dira Beñat Hach Embarek (Osinalde) eta Iñaki Otaegi (Am…ona!). Saioa bost epailek baloratuko dute:  Jokin Murua (Osinalde) eta Aritz Garin (Am…ona!) taldeetako kideak eta Herriarteko lehiatik kanpo geratu diren taldeetako beste hiru epaile.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek Bergarako finalaurrekoan:

  • Hasierako agurra puntuagarria (gehienez 5 minutukoa).
  • Ofizioa 8ko handian, 3na bertso.
  • Ofizioa 8ko txikian, 3na bertso.
  • 10eko txikian rolak emanda, 3na bertso.
  • Bakarka, gaia emanda, 3 bertso.
  • Habaneran 8 oinak emanda eta bederatziko txikian 9 oinak emanda.
  • 3 puntu erantzun.
  • Pertsonaien jolasa galde-erantzunetan. Batek galdetu eta bik pistak eman.
  • Kartzela, koplatan egoera proposatuta, 12 kopla osatu arte.

Larunbaterako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai. Baita Bergarako Pol Pol tabernan ere.

Herriartekoaren azken txanpa

Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa. Guztira 38 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta sei astez 38 saio egin ondoren 12 talde pasa ziren bigarren fasera. Bigarren fasetik lau talde geratu dira. Lehen finalaurrekoan Erniarraitz 1 eta Karidadeko Benta aritu ziren maiatzaren 6an Alegian egin zen finalaurrekoan. Karidadeko benta irabazi zuen saioa eta Azpetiako finalean abestuko dute.Bergarako pilotalekuan egingo den saioan erabakiko da nor izango da bigarren finalista.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira, beraz,  Azpeitian, maiatzaren 27an egingo den finalean abestuko dutenak. Bergarako eta Azpeitiko saioetako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.