Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Ikusle ugari gerturatu da asteburuko Herriarteko sei saioetara

2017/02/15
Ostiralean Alegian, Azpeitian eta Zarautzen, larunbatean Oñatin eta igandean Anoetan eta Astigarragan jokatu ziren Herriarteko saioak.

Alegian ia 200 lagun bildu ziren Gaztetxean 7 astoren gainean (Alegia) eta Aizkorpe (Segura-Ataun) taldeen saioa entzuteko. Etxeko taldean Mikel Artola, Imanol Irazustabarrena eta Odei Oiartzabal aritu ziren kantuan eta, goierritarren taldean, Eneko Araiztegi, Jon Iturrioz eta Mikel Tapia. Gai jartzaile lanak, berriz, Alex Goikoetxeak egin zituen. Giro ederra sortu zen saioan. Alegiako taldea nagusitu zen 15 punturekin, Aizkorpek 9 lortu zituen.

Azpeitiko Sanagustin kulturgunean ere jendetza bildu zen ostiral  gauean, 150 bertsozale inguru. Erniarraitz 1 taldetik Jokin Uranga, Leire Ostolaza eta Haritz Etxeberria “Ministro” izan ziren kantuan, Lexoti taldean berriz, Ander Lizarralde, Jon Otegi eta Jokin Irastorza. Gai jartzaile lanetan Gurutze Oiarzabal aritu zen. Umorez hasi ziren lehen agurretik eta, azkenean, Erniarraitz 1 taldearentzat izan zen garaipena, 17-7 egin baitzuten.

Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean izan zen Hitza ote hitza eta Osinalde taldeen arteko saioa. Etxeko taldean  Joritz Bastarrika, Markel Eizagirre eta Beñat Jauregi jardun ziren kantuan, gabiriarren taldean berriz, Aratz Igarzabal, Gorka Maiz eta Endika Igarzabal. Maite Aizpuruak egin zituen gai jartzaile lanak. 60 bertsozale inguru  bildu ziren eta kanpoko taldearentzat izan zen saioa 17 punturekin. Zarauzko taldeak 7 puntu lortu zituen.

Oñarri elkartean egindako afariaren ostean egin zuten bertso saioa Oñatiko Txinparta 1 eta Oiartzungo Martzeliña taldeak. Oiartzuarrak txukun aritu ziren, baina oñatiarrek  batu zituzten puntu gehien.

Igandean jokatu zen 26+ eta Debagoienaren arteko saioa Anoetako Kuku Elkartean. Bazkariaren ostean 75 lagunetik gora bildu ziren eta giro ederrean ospatu zen. Oier Urkola gai jartzailearen gidaritzapean Txomin Azpirozek, Adur Gorostidik eta Iñigo Gorostarzuk kantatu zuten Tolosaldeko taldetik, Debagoieneko taldetik aldiz, Haizea Aranak, Oihana Aranak eta Marixe Ruiz de Austrik. Saio txukun baten ondoren 26+ taldearen aldeko epaia atera zen 14 punturekin, kanpoko taldeak 10 puntu lortu zituen.

Astigarragako Zipotza Elkartean jokatu zen Astigarraga eta Zarauzko Tulipanak taldeen arteko saioa. 40 bat lagun bildu ziren eta zarauztarren oholtzan egoten jakiteak eta tartekako txispazoek erabaki dute parekatua izan den saioa, Tulipanak nagusitu baitziren 13 punturekin. Etxeko taldeak 11 lortu zituen.

Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra izango da. Gipuzkoako Herriartekoan parte hartzen duten 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.