Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Hamabi talde igaro dira Herriarteko bigarren itzulira

2017/03/20
Asteburu honetan izango dira lehen saioak. Ostiralean Karidadeko benta eta Ereñotzu ariko dira. Baita, Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu eta Si mimi sole ere. Larunbatean, berriz, 7 astoren gainean eta Erniarraitz 1 arituko dira kantuan.

Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa. Guztira 38 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta sei astez 38 saio egin ondoren 12 talde pasa dira bigarren fasera, osatutako 12 multzotatik talde bana. Beraz, ondorengo taldeek hartuko dute parte bigarren fase honetan:

  • 26 + (Tolosaldea).
  • 7 astoren gainean (Alegia).
  • Am…ona (Amasa-Villabona).
  • Ereñotzu (Ereñotzu)
  • Erniarraitz 1 (Azpeitia).
  • Karidadeko benta (Zizurkil-Asteasu).
  • Osinalde (Gabiria).
  • Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu (Orio).
  • Si mimimi sol (Urretxu-Zumarraga).
  • Txingudi 2 (Irun).
  • Txinparta 1 (Oñati).
  • Xenpelar (Orereta).

Lehen fasean bezala, multzotan antolatuta ariko dira. Beraz, 12 taldeak lau multzotan banatuko dira:

1.multzoa

-Karidadeko benta.

-Ereñotzu.

-Txinparta 1.

2.multzoa

-Erniarraitz 1.

-Xenpelar.

-7 astoren gainean.

3.multzoa

-Si mimimi sol.

-Osinalde.

-Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu.

4.multzoa

-Am…ona.

-Txingudi 2.

-26+.

Lehen saioak asteburu honetan

Bigarren itzuliko lehen saioak asteburu honetan izango dira. Ostiralean, martxoaren 24an, Zizurkil Goiko Plaza Etxeberrin, Karidadeko benta eta Ereñotzuren bertso afaria izango da 21:00etan hasita. Egun berean, bertso saioa izango da Orioko Salatxo tabernan 22:30ean hasita. Hurrengo egunean, martxoaren 25an, larunbatarekin, 7 astoren gainean eta Erniarraitz 1 Alegiako Gaztetxean arituko dira 22:30etik aurrera.

Bigarren fasearen xehetasunak

Aurreko fasean bezala, talde bakoitzak etxean saioa bat antolatu beharko du eta kanpoan beste saio baten abestuko du. Oraingoan egin beharko dituzten ariketak ondorengoak izango dira:

Hasierako agurra (oraingoan ez da puntuagarria izango).

-Ofizioa Iparragirren, 3na bertso  (taldekide 1ek).

-Ofizioa 8ko txikian, 3na bertso (taldekide 1ek).

-Ofizioa 10eko txikian, 3na bertso (taldekide 1ek).

-Bakarka gaia emanda bi bertso (taldekide 1ek).

-Bi punturi erantzun (taldekide 1ek).

-Puntuka 2ren artean (talde bakoitzeko batek), librean, sei bertso osatu arte.

-Taldeka pertsonaia emanda, 1 asmatzen 2 pistak ematen. Galde erantzunak, 1ek galdetu eta 2k txandaka erantzunak eman.

-Taldeka egoera proposatuta koplatan, 9 kopla osatu arte trikitiaren laguntzaz.

-Bukaerako agurra (ez da puntuagarria izango).

Bigarren fasean erabakiko da finalaurrekoetara pasako diren lau taldeak zeintzuk diren. Maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Azpeitian, maiatzaren 27an egingo den finalean abestuko dutenak.