Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Anoetan, Alegian, Astigarragan, Azpeitian, Oñatin eta Zarautzen izango da Herriartekoa asteburuan

2017/02/09
Ostiralean, otsailaren 10ean, Erniarraitz 1 eta Lexotik, 7 astoren gainean eta Aizkorpek eta Hitza ote hitza eta Osinaldek jokatuko dituzte saioak; larunbatean, berriz, Txinparta 1 eta Martzelinak. Igandean, asteburuko azken saioak jokatu dituzte Astigarragak eta Tulipanak eta 26+ eta Debagoieneko taldeek.

Herriarteko txapelketako aste honetako lehen saioa, 7 astoren gainean (Alegia) eta Aizkorpe (Segura eta Ataun) taldeek jokatuko dute Alegiako Gaztetxean ostiralean, otsailaren 10ean. 20:30ean hasiko da zahagi ardoa, ondoren, taula gaineko saioa hasiko da. Egun berean, baina, 21:00etan, Azpeitiko San Agustin Kultur gunean, Erniarraitz 1 (Azpeitia) eta Lexoti (Oiartzun) taldeak aurrez aurre jarriko dituen bertso afaria hasiko da. 22:00etan, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, Hitza ote hitza? (Zarautz) eta Osinalderen (Gabiria) bertso saioa izango da.

Hurrengo egunean, larunbatarekin, Txinparta 1 eta Martzelina taldeak arituko dira Oñatiko Oinarri elkartean egingo den bertso afarian. Afaria 20:30ean hasiko da, eta, afal ostean, nahi duena gerturatu daiteke saioa ikustera.

Asteburua amaitzeko, otsailaren 12an, igandearekin beste bi saio izango dira Anoetan eta Astigarragan. Anoetako Kuku Elkartean 26+ (Abaltzisketa, Amezketa, Anoeta, Berastegi) eta Debagoienaren (Arrasate, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza) arteko bertso bazkaria izango da. 18:00etan, berriz, Astigarragako Zipotza elkartean bertso saioa eta ondoren afari merienda egingo dute Astigarragak eta Tulipanak (Zarautz) taldeek.

Gipuzkoako Herriartekoa taldekako bertsolari txapelketa otsailaren hasieratik abiatuta maiatzaren 27ra arte egingo da. Egun horretan izango da finala Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Herriartekoarekin Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi da. Parte hartzaile guztien txapelketa izango da hau, lehia baino gehiago, gozamena izango da ardatz. Guztiaren oinarria auzolana da.

Bertsozale Elkartearen funtzioa koordinazio orokorra eta saretze lana izango da. Antolatzaileak Herriartekoan parte hartuko duten 267 antolatzaile, gai jartzaile, epaile eta bertsolariak dira. Horien sostengu izango dira Gipuzkoako Gai jartzaile taldea, Epaile taldea eta Elkarteko lan talde teknikoa.

Guztira, 38 taldek eman dute izena. Talde bakoitzak gutxienez sei partaide behar ditu: taldearen ordezkaria, gai jartzailea, epailea eta hiru bertsolari. Lehen itzulian 38 bertso saio izango dira.

Herriartekoak lau fase izango ditu:

                -Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.

                -Bigarren fasea: martxoaren 23tik apirilaren 9ra. Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.

                -Finalaurrekoak: maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran.. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.

                -Finala: maiatzaren 27an izango da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Lehiatik kanpo geratu arren,taldeak amaierara arte izango dira ekimenaren parte. Funtzio aldaketa baino ez dute izango.