Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Abiatu da Gipuzkoako Herriartekoaren bigarren fasea

2017/03/29
Pasa den asteburuan jokatu ziren bigarren faseko hiru saio Zizurkilen, Orion eta Alegian.

Zizurkilgo Plaza Etxeberri jatetxean izan zen Karidadeko benta eta Ereñotzuren arteko saioa ostiral gauean. Afaltzeko sartzen ziren aulki guztiak bete ondoren saioa entzuteko 100 lagun inguru bildu ziren eta maila oneko saio orekatua egin zuten Unai Mendizabal, Haritz Mujika, Joseba Otaegi, Ibon Miner, Iñaki Zelaia eta Aritz Zerain bertsolariek, orekatua eta eroriko nabarmenik gabea. Entzuleek gozatu ederra hartu zuten, batez ere pertsonaiak asmatzeko ariketan. Amaieran nahiko zalantza izan bazen ere, etxekoen aldeko puntuazioa eman zen, 14 puntu lortu baitzituzten. Ereñotzuko taldeak 10 eskuratu zituen.

7 astoren gainean eta Erniarraitz 1 taldeena Alegiako gaztetxean jokatu zen larunbat gauean. Alegiarren taldetik Mikel Artola, Iñaki Artola eta Imanol Irazustabarrena aritu ziren kantuan, azpeitiarren taldetik berriz, Jokin Uranga, Leire Ostolaza eta Beñat Lizaso. Oso lehiatua eta parekatua irten zen saioa, baina batez ere bertso onak eta momentu umoretsuak izan zituen. Jendez beteta zegoen gaztetxeak goia jo zuen zenbait momentutan, eta azkenan bi taldeen artekoa berdinketan gelditu zen, 12na egin baitzuten.

Orioko Salatxo tabernan izan zen Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu taldeen arteko saioa. Oriotik Xabier Sukiak, Imanol Lizarazu Habana-k eta Egoitz Eizagirrek kantatu zuten, Urretxu Zumarragako taldetik berriz, Uxue Fernandez, Mikel Iturriotz eta Maialen Akizu aritu ziren. Taberna beteta, saio polita izan zen eta azkenean etxeko taldea nagusitu zen 15 eta 9.