Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Zortzi bertsolariak, larunbateko finalerako prest

2015/12/17
Larunbatean jokatuko da Donostiako Ilunben Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala. Agin Laburu, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Unai Agirre dira oholtzara igoko diren bertsolariak. Finalerako sarrerak ostirala arratsaldera arte egongo dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean eta larunbatean 15:00etan irekiko da leihatila, Ilunben bertan.

Agin Laburu, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Unai Agirre dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko duten zortzi bertsolariak. Saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da Donostiako Ilunben, eta Ion Zaldua eta Saroi Jauregi izango dira aurkezleak.

Honako lana da bertsolarien finalean egin beharko dutena:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
  • Kartzelako lana: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

 Buruz burukoa

  • Binaka, gaia emanda, puntutan, zortziko txikian, zortzi bertso osatu arte.
  • Binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean, hiruna bertso.
  • Kartzelako lana: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Zortzi bertsolarietatik bik jokatuko dute buruz burukoa eta bietako batek irabaziko du txapela. Inaxi Etxabe bertsolari zumaiarrak jantziko dio txapela txapeldunari.

Sarrerak eta Ilunberako sarbideak

Ostiral arratsaldera arte eros daitezke sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean. Larunbatean, berriz, 15:00etan irekiko da Ilunbeko leihatila.

Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia dute sarreran, 15 euro. Gaztetxoen sarrera 10 euroan da, eta gainerakoena 20 euroan.

Ilunbe ateak

Larunbatean Ilunbeko ateak 15:30ean zabalduko dira. Internetez erositako sarrera guztietan agertzen da aretora zein atetatik sartu behar den (3 edo 10A ateak). Salmenta gunetan sarrera erosi dutenek, berriz, 1. atetik sartu beharko dute. Hala ere, behin aretoan sartuta, bertsozaleek batetik bestera mugitzeko aukera izango dute eta nahi duten lekuan esertzeko ere.

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak behar bezala kudeatu ahal izateko (aparkalekua, aretoan kokapena…) aurrez joango direla abisatzea eskatzen da, gipuzkoa@bertsozale.eus helbidean.

Finala, telebistaz zein internetez

Larunbatean Ilunbera joateko aukerarik ez duenak ere zuzenean jarraitu ahal izango du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala. ETB4 kateak osorik eskainiko du finala zuzenean. ETB1ek, berriz, gaueko albistegien ondoren egingo du bat Ilunberekin. Internet bidez, www.bertsoa.eus eta www.eitb.eus atarietan ere emitutuko dute Aitzol Barandiaran eta Anjel Mari Peñagarikanok aurkeztuko duten emanaldia. Arratsaldeko 16:55etan hasiko da emisioa.

Igandean, berriz,  Hitzetik Hortzera berezia prestatuko dute finaleko bertsoaldi onenekin eta txapeldunaren hitzekin. Saioa arratsaldeko 15:00etan emango dute ETB1en.

Zortzi finalistak, Ilunben