Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Jon Maiak irabazi du txapelketako lehen final zortzirena

2015/09/20
Beasainen jokatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final zortzirena. Jon Maiak eskuratu du lehen postua eta zuzenean final laurdenetarako txartela eskuratu. Haren atzetik, Ane Labaka eta Iñigo Mantzizidor "Mantxi" sailkatu dira, hurrenez hurren. Sarrera guztiak salduta, 350 bertsozalek lepo bete dute Beasaingo Usurbe antzokia. Hurrengo asteburuan Azpeitian eta Lasarte-Orian izango dira saioak.

 

Jon Maiak irabazi du Beasainen jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioa. Gaur lortu duen lehen postuari esker, Maia zuzenean sailkatu da urriaren 31n Zestoan jokatuko den final laurdenetako saiorako, Alaia Martin eta oraindik erabakitzeke dauden beste lau bertsolarirekin. Maiaren atzetik, Ane Labaka eta Iñigo Mantzizidor "Mantxi" sailkatu dira.

 

BERTSOLARIA PUNTUAZIOA
Jon Maia Soria 456,5
Ane Labaka Mayoz 444
Iñigo Mantzizidor Larrañaga "Mantxi" 427
Beñat Iguaran Amondarain 420
Eli Pagola Apezetxea 420
Haritz Mujika Lasa 409

350 bertsozalek lepo bete Beasaingo Usurbe antzokia. Leihatila 16:00etan ireki da aurrez saldu gabe zeuden sarrerak saltzeko eta bost minututan guztiak amaitu dira.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak hurrengo asteburuan izango du segida. Bi saio jokatuko dira; larunbatean Azpeitiako Soreasu antzokian Amaia Iturriotz, Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabalekin.

Igandean, berriz, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango da saioa, Aitor Irastortza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Maider Arregi, Mikel Artola eta Xabier Sukia bertsolariekin. Bata zein bestea, arratsaldeko 17:30ean hasiko dira.

Ohi bezala, bi saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Final laurdenetarako sailkatzea lortu du Jon Maiak.