VIII. BEE - Zumaia (2012)

2012ko Bertso Eskolen Eguna Zumaian ospatu zen, maiatzaren 6an, igandearekin. Egun osoan eguraldia lagun izan zen.

bertso_eskolen_eguna_b.jpg

Egitaraua:

  • 10:30ean, Zumaiako plazan batu.
  • 10:45ean, lip-duba grabatzeari ekin.
  • 13:30ean, bazkaria, norberak etxetik ekarria. Ondoren, Jon Urbieta DJ zumaiarra.
  • 16:00etan, bertso trama Josu Goikoetxea, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Aitor Sarriegiren eskutik (Maria eta Jose ikastetxeko aretoan). Ekitaldiaren amaieran, goizean grabatutako bideoa ikusi genuen.
  • 18:00etan, agurra.

300 haur inguru batu ziren Zumaian ospatu zen Gipuzkoako Bertso Eskolen VIII. Egunean. Goizeko hamarretarako, Eusebio Gurrutxaga plazan kolore gorria nagusitu zen, gorria izan baitzen 2012ko kamisetaren kolorea, olagarro baten irudia daramana. Lehen unetik, giro ederrean joan zen Bertso Eskolen Eguna. Lipduba grabatzea izan genuen lehen egitekoa. Taldetan banatu ziren haurrak eta gaztetxoak Zumaiako kaleetan, eta aldez aurretik propio prestatuta zekarten abesti bat dantzatzeari ekin zioten. Talde bakoitzak bere koreografia prestatu zuen, ondoren kamera iristean gauzatu zutena. Bapo bazkaldu ondoren, Jon Urbieta DJak dantzan jarri zituen hainbat neska-mutil. Arratsaldeko lauretan, Maria eta Jose ikastetxean batu ginen Josu Goikoetxeka gidatutako bertso trama entzuteko. Maialen Lujanbio, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Sarriegi aritu ziren bertsotan. Saio bizia eta umoretsua izan zen.

Eguna baino lehen ere izan zen zer prestatua. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Transmisio Sailak Ze esatek taldearen abesti bati hitzak aldatu zizkion, eta ondoren Urnietako bertso eskolako neskekin grabatu zuten abestia Villabonako Subijana etxean dagoen grabazio estudioan.