I. BEE - Villabona (2005)

Gipuzkoako Bertso Eskolen lehenengo Eguna izan zen maiatzaren 28an Villabonan, eta benetan egun borobila atera zen.

 Bertso eskolek antolatu eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bultzatuta, 30 bertso eskoletako ume, irakasle eta gurasoak elkartu ziren Villabonako ekitaldian. Parte hartzeari dagokionez, goizean 150 ume inguru bildu ziren eta arratsaldean 200 inguru, 8-18 urte bitartekoak. Helburua zen egun hori Gipuzkoako bertso eskola guztien bilgune eta festa ederra izatea, Gipuzkoako bertso eskolak elkar hobetu ezagutu, dinamika berriak martxan jarri, eta aurrera begirako elkarlanaren oinarria izatea. Alde horretatik, eta egunak izan zuen erantzuna ikusita, helburua erabat bete zen. Bertso eskoletako arduradunak oso pozik azaldu ziren egunak utzi zuen emaitzarekin.

Goizeko 10:30etan hasi zen eguna Villabonako plazan eta lehenbizi elkar ezagutzeko jokoak egin zituzten. 11:30etan, bertso eskolen saio bereziak izan ziren Gurea zinean: Legazpiarrek hasi zuten saioa eta Bergarako bertso es­kola sortu berriak jarraitu zion, hango hizkeran kantatuta. Ondoren etorri ziren: Oiar­tzun, Arrasate, Zumarraga, Urretxu, Goierri, Hernani, Villabona, Errezil, Soraluze, Zes­toa, Azkoitia eta Asteasuko taldeak.

Saio biziak eta politak egin zituzten bertsolari gaztetxoek: Oiartzundik neska koadrila aritu zen kantuan trikitixa eta panderoa lagun zutela, eta mutilei aritu ziren kantuan. Baita larrutu polita eman ere. Erre­zildarrek Heidin inspiratutako saio berezia egin zuten, mozorro eta guzti. Hernaniarrek bertso eskolako aurrekontu eskasia izan zuten ber­tso gai, eta bertso eskolako ele­mentuekin umorezko saio polita egin zuten. Villabonako umeei anfitrioi lana egokitzen zitzaien, eta soinu eta dantzarekin lagunduta egin zuten beren saio berezia. Bertsolari helduenek libreko saioa ere egin zuten: Unai Gaztelumendi añorgarra, Oier Iruretagoiena, Oier Aizpurua eta Aitor Urkola zarauz­ta­rrak, Aritz Garin villabonarra eta Jokin Sudupe azkoitiarra aritu ziren bapatean kantari, aurretik besteek botatakoei erantzuten.

Bazkalondoan, umeek berriro ere jokoak izan zituzten, hasteko. Gero, arratsaldeko ekitaldi nagusian Anjel Mari Peñagarikanok, Nerea Elustondok eta Unai Gaztelumendik ber­tso-komiki saioa egin zuten, umeen gozagarri.