I. BEE - Villabona (2005)

Gipuzkoako Bertso Eskolen lehenengo Eguna izan zen maiatzaren 28an Villabonan, eta benetan egun borobila atera zen.

 Bertso eskolek antolatu eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bultzatuta, 30 bertso eskoletako ume, irakasle eta gurasoak elkartu ziren Villabonako ekitaldian. Parte hartzeari dagokionez, goizean 150 ume inguru bildu ziren eta arratsaldean 200 inguru, 8-18 urte bitartekoak. Helburua zen egun hori Gipuzkoako bertso eskola guztien bilgune eta festa ederra izatea, Gipuzkoako bertso eskolak elkar hobetu ezagutu, dinamika berriak martxan jarri, eta aurrera begirako elkarlanaren oinarria izatea. Alde horretatik, eta egunak izan zuen erantzuna ikusita, helburua erabat bete zen. Bertso eskoletako arduradunak oso pozik azaldu ziren egunak utzi zuen emaitzarekin.

Goizeko 10:30etan hasi zen eguna Villabonako plazan eta lehenbizi elkar ezagutzeko jokoak egin zituzten. 11:30etan, bertso eskolen saio bereziak izan ziren Gurea zinean: Legazpiarrek hasi zuten saioa eta Bergarako bertso es­kola sortu berriak jarraitu zion, hango hizkeran kantatuta. Ondoren etorri ziren: Oiar­tzun, Arrasate, Zumarraga, Urretxu, Goierri, Hernani, Villabona, Errezil, Soraluze, Zes­toa, Azkoitia eta Asteasuko taldeak.

Saio biziak eta politak egin zituzten bertsolari gaztetxoek: Oiartzundik neska koadrila aritu zen kantuan trikitixa eta panderoa lagun zutela, eta mutilei aritu ziren kantuan. Baita larrutu polita eman ere. Erre­zildarrek Heidin inspiratutako saio berezia egin zuten, mozorro eta guzti. Hernaniarrek bertso eskolako aurrekontu eskasia izan zuten ber­tso gai, eta bertso eskolako ele­mentuekin umorezko saio polita egin zuten. Villabonako umeei anfitrioi lana egokitzen zitzaien, eta soinu eta dantzarekin lagunduta egin zuten beren saio berezia. Bertsolari helduenek libreko saioa ere egin zuten: Unai Gaztelumendi añorgarra, Oier Iruretagoiena, Oier Aizpurua eta Aitor Urkola zarauz­ta­rrak, Aritz Garin villabonarra eta Jokin Sudupe azkoitiarra aritu ziren bapatean kantari, aurretik besteek botatakoei erantzuten.

Bazkalondoan, umeek berriro ere jokoak izan zituzten, hasteko. Gero, arratsaldeko ekitaldi nagusian Anjel Mari Peñagarikanok, Nerea Elustondok eta Unai Gaztelumendik ber­tso-komiki saioa egin zuten, umeen gozagarri.

Agenda

2017-09-23 Urnieta Lagun-artekoa

Jaiak. Bertso-afaria

2017-09-23 Zarautz Berezia

Motxian Bertso-eskolaren 20. urteurrena. Bertso triki poteoa, eta bazkalostean emanaldia

2017-09-24 Oñati Plaza librea

Kilometroak jaia. Bertsolariak

Agenda osoa

BDB gaur

2002-09-21 Oñati

Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu Muñoa, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Anjel Mari Peñagarikano

S. Lizaso:
Giro beroa ez ote degu
egoerak dakarrena?
Aurrera egin ezinik dago
gure herri hau herrena.
Bide hontatik zer ote degu
berehala datorrena?
Eta tristuraz betea dago
gehiengoaren barrena.
Etsipenean ohitzen ai gera
eta hori da txarrena! (bis)

Peñagarikano:
Esan daiteke geure uretan
gaudela erdi itota:
larunbatean lagun batzuek
jipoi galantak jasota (1)
beste batzuek harro dabiltza
ohiko mailara igota
beste batzuek errurik gabe
hemen tiro ta han bota...
Nere galdera: zertan ai gera
anaiak anaien kontra?  (bis)

Egaña:
Borroka hori izan leike bai
beste batzun martingala
gu euskaldunok zatitu nahian
zer-nolako eginahala!
Larunbateko bukaera hura
ze bukaera zitala!
Esaten zuten Euskadingatik
busti egin behar dala
ta batzuk busti ulertu zuten
komeni ez dan bezala.  (bis)

Lujanbio:
Aspaldi baten eman ziguten
lehenengo masailekoa
ustekabean gero etorri zan
sabelean ostikoa
gero lepoan soka jarrita
estu daukagu lepoa...
"Hau baino okerro ezin da egon"
entzuten degu nahikoa
baina hartzen degun kolpea ohi da
beti azkenaurrekoa. (bis)

Irazu:
Azkenaldian gauza gaiztotzen
dijoakigu nabarmen
buelta ematea hobe izango da
oso berandu baino lehen.
Bilboko hura ze argazkia
erresistentzia omen!
Madrilek garbi erakutsi du
hemen nork agintzen duen
ta ez dakidana buelta emateko
indarrikan badagoen. (bis)

Maia:
Urte luzetan modu berean
sentitzen gera gainera:
hemen jendeak funtzionatzen du
interesen arabera.
Gauden mendean eta oraindik
guk daramagun karrera...
Behingoz pausoa eman behar da
independentzi aldera
ta pauso hori eman artean
menpean biziko gera. (bis)

Camoussarry, Jean Baptiste

Hil 1842-09-21

"Jean-Baptiste Camoussarry marinel familia batean jaio zen Ziburun. Aita tirabira batean galdu zuen, jaioberria zelarik. 1838an egin zen eta, laster, Larresoroko Seminarioko irakasle izendatu zuten. D...

Lagundurikan danoi I