Gipuzkoa

Ostiralean hasiko da Ataunen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

2015/02/19
Otsailaren 20an abiatuko da Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa, Ataunen egingo den idatzizko sariketaren lehen saioarekin. Izan ere, azken urteotan bezala, hiru ekimen izango dira Eskolartekoaren barruan: idatzizko sariketa, saio didaktikoak eta bat-bateko txapelketa.

Idatzizko sariketan Gipuzkoa osoko 234 ikastetxek eta norbanakok hartuko dute parte; osotara, 18 urte bitarteko 1.035 parte-hartzaile izango dira. Egoitza batean elkartu eta emandako gaiari ordubeteko tartean bertsoak jartzea izango da egin beharreko lana.

Saio didaktikoak dira Eskolartekoak biltzen dituen bigarren ekimena. Idatzizko lana bukatu eta jarraian, ikastetxeetako ikasleei bat-bateko saio bat ikusteko aukera eskaintzen zaie dauden lekuan bertan: bertso-eskoletako haur taldeek haientzat prestatutako saio didaktikoa.

Aurtengoan saioa eskainiko dute bertso-eskola hauetako 13 haur taldek: Goierri (Zaldibiako eta Ordiziako taldeak), Lekaixo, Lasarte, Usurbil, Hernani, Oiartzun (2 talde), Tolosa, Zarautz (2 talde), Plaentxi eta Itziar.

Ostiralean, hilaren 20an, lehenengo idatzizko saioa egingo da. Ataungo Herri antzokian izango da, 15:00etan hasita. 16:15ean saio didaktikoa eskainiko dute Goierriko Bertso Eskolako, Zaldibiako eta Ordiziako taldeek.

Bat-bateko txapelketa

Otsailaren 27an, idatzizko sariketaren bigarren saioa egingo da Zumarragan. Hortik aurrera, idatziko sariketak bat egingo du bat-bateko txapelketarekin. Beraz, kanporaketa egun bakoitzean hiru ekimen antolatuko dira egun berean herri bakoitzean: idatzizko saioa, saio didaktikoa eta bat-bateko txapelketa.

15 eta 18 urte bitarteko 27 bertsolarik hartuko dute parte bat-bateko txapelketan. Kanporaketa saioak herriko elkarte batean jokatuko dituzte, bertso afari giroan. Bat-bateko kanporaketetako afaritarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, 12 euroan.

Eskolartekoak segida izango du Hernanin eta Lasarten (martxoak 6), Zarautzen (martxoak 13), Elgoibarren (martxoak 18) eta Azkoitian (martxoak 26). Eskolartekoaren finala apirilaren 26an egingo da Irunen, Gipuzkoako Bertso-Eskolen Egunarekin batera. Eskolartekoaren egitaraua osoa hemen kontsultatu dezakezue.

Eskolartekoan bat-bateko txapelketa Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen dute, bertso-eskolen laguntzarekin. Idatzizko sariketa eta saio didaktikoak, berriz,  Ikastolen Elkarteak antolatzen ditu.