Gipuzkoako Eskolartekoa Zumarragan

2014/03/24
Pasa den ostiralean, hilaren 21ean, ospatu ziren saio didaktikoa, eta idatzizko eta bat-bateko sariketak • Zumarragako Ama Lur elkartean jokatu zen bat-bateko saioan Maider Arregi izan zen garaile • Zuzenean sailkatu da finalerako, gainontzekoek hurrengo saioen zain egon beharko dute.

Zumarragan martxoaren 21ean jokatu zen  Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren hirugarren kanporaketa.

Zumarragan izan zen eta inguruetako bertsolari eta bertsozale ugari bildu zituen. Idatzizko sariketa, saio didaktikoa eta bat-bateko txapelketa jokatu ziren. 14 urtetik 18 urte bitarteko gazteen artean, Maider Arregi oñatiarrak jaso zuen finalera zuzenean sailkatzeko txartela.

Formatu aldaketa

Gipuzkoako Eskolarteko txapelketaren 34. edizioa da honakoa, baina txapelketa eraberrituta dator aurten. Gogoeta luze baten ondoren, zenbait aldaketa egitea erabaki zen.

Arratsaldeko ekitaldi Zelai-Arizti aretoan izan zen eta lehenbizi idatzizkoaren txanda izan zen. Zumarraga, Urretxu, Legazpi, Oñati eta Arrasateko 200 haurrek hartu zuten parte.

Ondoren, saio didaktikoarekin jarraitu zuten. Haseran, Zumarraga-Urretxuko bertso eskolako eta Legazpiko bertso eskolako gaztetxoek hartu zuten parte, talde bakoitzak aurrez prestaturiko saio txiki bat eskaini zuten, eta ondoren, Amaia Iturriotz eta Nerea Elustondo bertsolariek, Beñat Torres gaijartzaileak jarritako ariketak egin zituzten. Saio oso umoretsu eta bizia izan zen, eta Zelai-Arizti aretoa bete zuten gaztetxoek asko gozatu zuten bertsolarien jardunarekin.

Bat-bateko saioa

Aurtengo beste nobedadea bat-bateko txapelketaren formatua izan da. Lehen idatziko sariketaren segidan egiten zen txapelketa jaialdi formatuan. Aurtengo edizioan, ordea, afari-merienda bat egin ostean jardun zuten bertsolariek lehian, mahai-inguruan. Ondorengoak dira Zumarragan abestu zuten bertsolari gazteen zerrenda: Ane Beloki (Legazpi), Maider Arregi (Oñati), Gontzal Belategi (Oñati), Mikel Tapia (Ataun), Paul Iruretagoiena (Ataun), Marixe Ruiz de Austri (Arrasate) eta Eneko Araiztegi (Segura). Gaijartzaile lanetan Nerea Elustondo aritu zen eta Ayerbe ahizpak izan ziren soinua jotzen. Eneritz Azkue, Maite Sukia eta Zigor Leunda aritu ziren epaile lanetan.