Historia

1987an sortu zen Euskal Herriko Bertsolari Elkartea, 1995ean Bertsozale Elkartea bihurtu zena.

1985ean Bertsolari Txapelketa antolatzeko Euskaltzaindiaren eta bertsolarien arteko desadostasunak zirela medio, 1986ko Txapelketa Nagusia bertsolariek beren kabuz antolatzea erabaki zuten.

Erabaki horren ondorio, 1987ko ekainaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Elkartea jaio zen sortu zen.

1987-1990

Bertsolaritzak ospe handia bereganatu zuen eta giro berri horretan eman zituen lehen pausoak Bertsozale Elkarteak:

  • 1987an pertsona bat hasi zen lanean elkartean, Donostiako Udalak uzkuntzan lagatako egoitzan.
  • Bazkideak egin eta lurraldeetako elkarteak eta zuzendaritza organoak jarri ziren abian.
  • 1987an bertsolarien azterketa soziologikoa egin zen.
  • 1987an hasi zen bertso saioen grabaketen koordinazioa, eta 1989an argitaratu zen aurrenekoz Bapatean liburua.
  • 1988an telebistako bertso programa jarri zen abian.
  • 1988tik aurrera Ikastolen Elkartearekin elkarlanean eskoletarako material didaktikoa sortzen hasi zen.
  • 1989an bazkideen barne komunikaziorako BertsoZalea berripapera sortu zen.
  • 1989an Txapelketa Nagusia antolatu zen eta Bertsolari Eguna urtero.
  • 1990ean Xenpelar Dokumentazio Zentroaren diseinua egin zen.
  • Euskal Herri osora hedatu ziren bertso eskolak.

1991-1996

Bertsolaritzak gizartean lortutako prestigio handiari erantzunez, proiektu berri ugari jarri ziren abian. Honek eragin zuzena izan zuen elkartearen egoera ekonomikoan eta larriuneak ere ekarri zituen:

  • 1991n hiru pertsona gehiago kontratatu ziren elkartean lan egiteko.
  • 1991n Xenpelar Dokumentazio Zentroa martxan hasi zen, Kutxa aurrezki erakundeak uzkuntzan lagatako egoitzan.
  • 1991-93an bertsozaletasunari buruzko azterketa soziologikoa egin zuen Siadeco etxeak.
  • 1993an Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatu zen.
  • 1993 eta 1995ean Bertsolamintza azterketa taldeak bertsogintzari buruz egindako lanak eman ziren argitara.
  • 1995ean Bertsolari Elkarte izatetik Bertsozale Elkartea izatera pasatu zen.
  • 1995-1996 urteetan, Bertsozale Elkartearen eta Herri Administrazioaren arteko harremanak zaildu egin ziren: ez zen inolako laguntzarik jaso, telebistako programa eten egin zen eta egoera ekonomiko larria bizi zen. Bi langilek elkartea utzi behar izan zuten eta zenbait egitasmo aurrera egin ezinda gelditu ziren.
  • 1996an izena eta izana aldatu zitzaizkion urtero antolatzen zen Bertsolari Egunari: omenaldi-egun zen Bertsolari Eguna izatetik, sorkuntza berrietarako Bertso Eguna izatera pasa zen.
  • 1996an Mexikon eta 1998an Kanarietan hispanista inprobisatzaileen jardunaldietan parte hartu zuten bertsolariek.
  • Ekimen bereziak antolatu ziren bertso eskoletako irakasleen formakuntzarako.

1997-2001

Elkartearen egoera normalizatu egin zen urte hauetan, funtzionamendu egitura sendotuz eta estrategikoan ziren proiektuetan aurrerapauso handiak emanez:

  • Langabezian gelditu ziren langileak berreskuratu eta beste bi pertsona gehiago kontratatu ziren.
  • 1997an Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatu zen, eta urtero Bertso Egunak.
  • 1999an bertso ekitaldiak antolatzeko Lanku jarri zen martxan.
  • 2000an hiru urterako elkarlan hitzarmena izenpetu genuen Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetzarekin, eta honen harira, Gipuzkoa eta Bizkaiko Aldundiek hainbat egitasmo finantzatu zituzten.
  • 2000an Xenpelar Dokumentazio Zentroarako digitalizatzeko programa garrantzitsua jarri zen abian.
  • Inbertsio garrantsitzuak egin dira komunikazio azpiegituran.

2001-2005

Hainbeste urtetako esperientziak dakarren heldutasuna lagun, hainbat erronkari heltzeko gai izan da Bertsozale Elkartea azken lau urteotan:

  • 2001ean Bat-bateko bertsolaritza liburua argitaratu zen, lau hizkuntzatan.
  • 2001ean Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatu zen, eta urtero Bertso Egunak.
  • 2003an Ahozko Inprobisazioa Munduan Kulturarteko Topaketak antolatu ziren.
  • 2004an Lanku Zerbitzua S.A bihurtu zen.
  • 2005ean lehendakari berria aukeratu zen Batzar Nagusian.
  • 2005ean www.argodat.com munduko ahozko inprobisazioaren datu-basea jarri zen martxan.
  • Elkartearen bateratze prozesua martxan jarri zen.

2006-2009

Elkartearen ibilbideari begirada sakona eskaini eta aldaketa esanguratsuak eman dira azken urteotan.

  • 2006an Bertsozale Elkartearen gogoeta jardunaldiak egin ziren Zarautzen.
  • 2007an hurrengo hamabi urtetarako elkartearen ildo estrategikoaren diseinua burutu zen.
  • 2007an ekin zitzaion bertsolaritzaren transmisioaren diagnosiari.
  • 2008an Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza Donostiatik Villabonara lekualdatu zen.
  • 2009an Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatu zen.

 

 

Bertsozale Elkarteak 25 urte

Beste larogei urtian lanean (liburua + DVDa), Bertsozale Elkartearen historia jaso zuen Alberto Barandiaranek.