Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gorka Ostolaza txapeldun Lea-Artibaiko lehenengo kanporaketan

2014/05/01
Bertsozalez bete da Berriatuako aretoa; bigarren kanporaketa Aulestin jokatuko da, maiatzaren 9an, 22:00etan.

Lea-Artibaiko Txapelketa be abian da. Berriatuan jokatu da lehenengo kanporaketa, eta Gorka Ostolaza 'Potxis' izan da puntu gehien batu dituena. Eneko Arrate gelditu zen bigarren, 192 puntugaz; atzetik geratu ziren Oier Azula 172,5egaz, eta Aitor Arrizubieta 163,5egaz.

70 lagun inguru elkartu ziren Berriatuako aretoan, eta giro ederrean egin zen kanporaketa. Gai emale beharretan Imanol Aldazabal berriatuarra aritu zen; epaimahaian, ostera, Ander Txakartegi, Xemein Larrinaga eta Lander San Martin.

Agurrak kantatu ostean, zortziko nagusiagaz ekin zioten bertsolariek saio puntuagarriari. Ostean zortziko txikiko ariketak egin zituzten, eta saioak gora egin zuen ariketa horretan. Publikoak txalo zaparradekin erantzun zien bertsolariek egindako beharrei. Puntu erantzunen ariketa etorri zen gero. Bertsolari bakoitzak puntu bi erantzun behar izan zituen. Azkenik, bakarkako ariketa egin behar izan zuten, bakoitzak, gai bati bertso bigaz erantzunda.

Saio puntuagarriak amaituta, agurrekin eman zieten amaiera saioari. Hurrengoak, puntuazioak:

Gorka Ostolaza Ikaran ‘Potxis’ 197
Eneko Arrate Sololuze 192
Oier Azula Aurrekoetxea 172,5
Aitor Arrizubieta Egaña ‘Toko’ 163,5

Lea-Artibaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa Aulestin jokatuko da, maiatzaren 9an, 22:00etan, udaletxeko goiko aretoan. Bertsolariak, hauek:

Joseba Artza Zubillaga
Lander Ibarluzea Bikandi ‘Aitxulua’
Nerea Ibarzabal Salegi
Xabat Galletebeitia Abaroa

  Finala maiatzaren 17an izango da Ziortza-Bolibarko frontoian, 17:30ean.