Zortziko txikia irrati saioaren making off-a Karmelo Ikastolan

2016/02/18
Karmelo ikastolako 6. mailako ikasleei eskerrak uhin bidez entzuten duguna ikusteko aukera daukagu.

Zortziko Txikia irrati saioaren making off antzeko bat prestatu digute Karmelo ikastolako gaztetxoek. Grabazioaren unean ikasleek zer nolako tentsio eta jarrerak dituzten erakusten du egin duten bideoak. Hori bai, den-dena primeran atera zen, Bizkaia Irratian entzun ahalko duzuenez.

 

Ahotsari irudia jarriz hona hemen Karmelo Ikastolako blogean, aipatutako bideoa.

 

Zortziko Txikia irrati saioa zapatu goizetan emititzen da, eta hori horrela izan dadin, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Bizkaia Irratiak hamarkada bat baino gehiagoko lankidetza daramate eta horrela jarraitzeko gogoz daude. 

 

Bilboko ikastetxeetan kokatzen da egitasmo hau, eta astero astero ordu erdiko irrati programa antolatzen du hala egokitzen zaion ikastetxeak.

 

 

Gelan egiten den lanak zabalkundea izateak, ikasleei unitate hau erronka moduan hartzea eragiten die. Bertsoen bidez beraien burua aurkezteak, bertso jolasak egiteak, bertsolari ezagun baten biografia prestatzeak... ahozkotasunari ekarpen handia egiten dio eta ikaslearen inplikazioa lortzen du. Taldeka lan egitearen garrantzia ere barneratzen dute ikasleek.