Bizkaia

Txorierriko topaketarekin amaitu da Bizkaian 2013-2014 bertso ikasturtea

2014/06/09
Astelehenez izan da Txorierriko ikastetxeen arteko bertso topaketa Sondikako Kultur etxean. Lehen hezkuntzako 150 ikasle batu dira bertsoak kantatu eta ikasturtean ikasitakoa taularatzeko. Bukaeran Txorierriko udaletako alkateak ere kantuan agurtu dute ikasturtea.

Kalean ia 30 gradu egin arren bertsoen itzalpean egon dira Txorierriko ikastetxeetako bertsolaritza ikasleak. Larrabetzuko eskola, Lezamako ikastetxela, Zamudioko eskola, Derioko ikastetxea, Sondikako Gorondagane ikastetxea eta Loiukoa izan dira gonbidatuak. Ordu eta erdiko saioa izan da. Ikasleak papera eskuan sartu dira aretora eta adi adi entzun dituzte besteen bertsoak eta bat-batean Ander Elortegi eta Arkaitz Estiballes bertsolariek kantatu dituztenak.

Musika jartzeaz, musikari eta kitarrista ezaguna den Aitor Agirre arduratu da. Koplak kantatzen hasi dira eta amaieran kanta herrikoiak kantatu dituzte guztien artean Etxahun Lekue irakaslearen gidaritzapean.

Diplomen banaketarako proiektua diruz laguntzen duten Txorierriko mankomunitateko kide eta Txorierriko herrietako alkateak igo dira eszenatokira. Larrabetzutik Asun Gaztelu; Lezamatik Alaitz Etxeandia; Zamudiotik Igotz Lopez; Deriotik Lander Aiartza; Sondikatik Gorka Carro eta Loiutik Bixente Arteagagoitia. Alkate bakoitzak bere herriko ikastetxeko irakasleari eman dio “gu ere bertsotan” proiektuan egoteagaitik banatzen den diploma. Amaieran, guztien artean bertso polit bat kantatu dute.

Txorierriko Topaketarekin, datorren ikasturterarte agurtu da bertsolaritza ikastetxeetan egitasmoa.