Topaketak, ikasturtea kantuz agurtzeko jaiak

2015/04/22
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta lekuan lekuko erakundeek Bertso Topaketak antolatu ditugu Bizkaiko hamaika herritan. Helburua, bertsogintza ikastetxeetan proiektuan parte hartu duten ikastetxeak elkartu eta ikasturtea kantuz agurtzea da.

Ikasturtea kantuz agurtzeko hamaika topaketa egingo dira beste horrenbeste herritan. Gu ere bertsotan proiektuan parte hartu duten ikastetxeak elkartu eta ikasturtea kantuz agurtuko dugu. Ikastetxeetan landutakoaren emaitzak plazaratzeko garaia izaten da udaberria, urritik maiatzera bitartean bertsolaritza irakaslearekin landutako kantuak eta bertsoak jendaurrean azaltzekoa. Horrez gain, herri edo inguru bereko ikastetxeen topaleku ere izaten dira, bertsolaritza ardatz.

 2014 Bilboko topaketa

Ikastetxe bakoitzeko ikasleek gelaz gela aurkezten dute bere burua bideo baten bidez. Ondoren, bi bertsolari gazte gonbidatzen dira bertan bildutakoen gozagarri. Bertsolariek, bat-batean kantatuz, ikasleek ikasitako doinuak eta gaiak ateratzen dituzte, Ai Zapotxin, besteak besteelkar zirikatzeko eta baita ikusle eta entzuleak erakartzeko ere.

Bertso doinuak eta kantu herrikoiak ere izaten dira festaren parte. Beñat Aiartza Santa Cruz kitarra soinean eta bertsolaritza irakaslea mikrofonoa eskuan, itzelezko giroa sortuko dute. Betiko abesti herrikoietatik hasi eta azken urteetako euskal musikaren arrakasta kantuekin amaitu. Tartean, ezin abestu barik utzi, Markosen txerria edo Euskal Herrian Euskaraz.

Ekitaldiaren amaieran eskerrak ematen zaizkie egitasmoa aurrera eramaten laguntzen diguten lekuan lekuko erakundeei eta euren ordezkariak ere kantari jartzen ditugu.

  

2015 ikasturteko Topaketen egutegia:

  • Apirialak 24- Abanto-Zierbenako topaketa
  • Maiatzak 6- Barakaldoko topaketa
  • Maiatzak 11- Balmasedako topaketa
  • Maiatzak 12- Enkarterriko topaketa
  • Maiatzak 19- Amorebieta-Etxanoko topaketa
  • Maiatzak 21- Basauriko topaketa
  • Maiatzak 28- Erandioko topaketa A
  • Maiatzak 29 – Muskizko topaketa
  • Ekainak 5- Galdakaoko topaketa
  • Ekainak 9- Txorierriko topaketa A
  • Ekainak 12- Bilboko topaketa