Bizkaia

Regueibertso jaiaren bigarren edizioa “Hizkuntzak egiten gaitu. No caminho da lingua”

2017/04/25
Barikuan hasiko da aurtengo Regueibertso jaia, bigarren edizioa, “Hizkuntzak egiten gaitu. No caminho da lingua” lemapean.

Inprobisazioa oinarri hartuta, hau da, bertsoa eta regueifa oinarri hartuta, Arratia BHI eta Galiziako Vila de Cruces herriko I.E.S. Marco do Camballón eta Zas udalelerriko IES Maximino Romero de Lema ikastetxeko ikasleen arteko elkartrukea egingo da aurten ere, bigarren urtea izango da.

Barikuan emango zaio hasiera aurtengo Regueibertsori. Barikuan, apirilaren 28an, 50 gazte galiziar etorriko dira Euskal Herrira eta bertan izango dira maiatzaren 1era arte. Maiatzaren 11tik 14ra joango dira, ostera, ikasle euskaldunak Galizara, 52 lagun.

regueibertso igorre 2016

HELBURUAK

Iazko oroitzapen onak gogoan, “Hizkuntzak egiten gaitu. No caminho da lingua” lemapean, ekimenak galegoa eta euskara indartzeko balioko du, regueifa eta bertsolaritzaren arteko antzekotasunak eta berezitasunak antzemateko, herri bietako ikasleen arteko hartu-emanak sortzeko eta elkar ezagutza sustatzeko.

Antolatzaileen esanetan “ikasleei bizirik dagoen kultura bat, inprobisazioaren kultura, erakutsi gura diegu. Bizipenak, ohiturak, sentimenduak, trebetasunak eta jolasak, kulturen arteko bizikidetza kontuan hartuta”.

regueibertso galizia 2016

PROIEKTUAREN OINARRIA

Bertsolaritza gurean errotuta dagoen eta nortasun handia duen kultur adierazpen gaztetua da. Bertsolaritzaren transmisioan, gainera, behar handia egiten da, bai hezkuntza arautuan, eta baita bertso eskoletan ere. Regueibertso festan parte hartuko duten gazte arratiarrek ere, ikasturtean zehar bertsolaritza landu dute ikastetxean, eta Regueibertso festa urtean zehar ikasitakoa modu praktiko eta bizian gozatzeko aukera paregabea da.

Regueifaren egoera, ostera, ezta berdina. Galizian antzinako festa berezietan egiten zen gudu poetikoko garaileak ogi bat, “Regueifa” bat, eramaten zuen etxera eta hortik datokio izena galizieraz egiten den kantu inprobisatuari. Denboraren joanean, ohitura hau baserri eta landa guneetakoa izatetik taberna giroko, txokoko, inprobisazio izatera pasatu zen, ia desagertu arte.
Egoera hau hobetzeko bidean, badaude ekimenak, ordea. Esaterako, Vila de Cruces herriko I.E.S. Marco do Camballón eta Zas udalelerriko IES Maximino Romero de Lema ikastetxeetan, urte pare bat daramatzate ikaslekin regueifa lantzen. Helburu nagusiak kultura eta hizkuntza direlarik. Antolatzaileen berbetan “gaur egungo gazteek gure kultur ondare ezagutu, eta kultura galegoan murgiltzeko bidea izan daiteke inprobisazioaren mundua”


EGITARAUA

Apirilaren 28tik maiatzaren 1era bitarte, ekintza ugari izango dituzte gazteek. Ekintza gehien-gehienak, gainera, publiko zabalarentzat izango dira. Hau da, ekintza gehienak kalean izango dira, eta herritarrak erakarri gura dira bertsoez eta reguifez gozatzera.

Gazteek hiru plan nagusi izango dituzte. Barikuan Areatzan, zapatuan Zeanurin eta domekan Ondarroan. Aurtengo berrikuntza nagusia, egun bat Arratiatik kanpo ospatuko dela da. Ondarrua herriak harreman handia dauka Galizarekin, eta euskaraz bizi den jatorri galizarreko komunitate handia dago bertan. Horregatik, aurten egunetako bat Ondarroan emango dute gazteek.
Beraz, Arratia osoko baina bereziki Areatza eta Zeanuriko, eta zelan ez, Ondarroako herritarrak jaian parte hartzera gonbidatu gura ditugu.

Apirilak 28, barikua
• 12:00 Arratia BHI istitutuan bertso saioa eta galiziarrei ondo etorria
• 17:30 Areatza ezagutuz, bisita gidatua. Angel Larrea
• 18:30 Oilar lehia, bertsoak eta regueifak. Kalejira Areatzatik
• 21:00 Regueifesta afaria gaztetxean. (bertan agertu eta 3€-ren truke)
• 21:30 Uckaia taldeagaz kontzertu, eta ostean, Zirkinik bez taldeagaz erromeria

Apirilak 29, Zeanuri
• Dantzari eguna. Bazkal ostean, Reguiebertso saioa

Apirilak 30, Ondarroa
• 12:00 Sorpresaz betetako kalejira gidatua. Latxanbre enparantzan hasita
• 14:00 bazkaria Casa Galician (izena emateko Bertsozale Elkartera deitu)
• 18:00 bertsoak eta regueifak kalez kale. Itsas aurren hasita.