Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Santa Ageda bezpera, Zeanurin eta Iurretan, ohiturak gaurkotuz

2016/02/09
Iurretan eta Zeanurin, beste herri askotan lez, oso errotuta dago kopla kantari ibiltzea. Ikastetxeetan, bertsolaritza orduan, tradizioari uko egin barik, gaurkotasuna eman diogu ohitura zahar honi.

Aurten egun berean jausi dira Agate Deunaren bezpera eta Eguen Zuri eguna. Otsailaren 4an, Bizkaia osoko herri eta auzo askotan entzun dira kopla zaharrak eta Santa Ageda doinuak.

Iurretan aspaldikoa da Eguen zuri egunez betiko koplak kantatzera irteteko ohitura. Bai ikastetxean eta baita herrian ere, ohikoa da era honetako koplak entzutea:

Eguen zuri honetan
hasi gara gu kantetan,
zuri-zuria maixuarentzat
beste enparauak geuretzat.

Sibilia ta Granada
urdaiazpia ona da,
urdaiazpia ona da baina
hiru lukainkaz hoba da.

Bertsolaritza klaseetan, tradizioari berrikuntza gehitu zaio, eta ikasleen eskaerak batu dituzte Santa Eskeko koplen neurrira. Opor gehiago gura dituztela, goizetan lo gehiago egitea gura dutela, azterketa kopurua gutxitu behar dela... bota dituzte ikasleek irakasleen aurrean. Hona hemen koplak:

2016-02-04 Iurreta

 

Zeanurin ere oso errotua dago eskean ateratzeko ohitura. Duela urte askotatik ibiltzen dira herriko kide batzuk osatutako korua kopla kantari. Kopla hauek jatorri ezezagunekoak dira. 30 koplatik gora abesten dira eta Santa Agedaren bizitza eta heriotza zelan izan ziren kontatzen dute. Hona hemen kantuan hasteko abesten diren bi koplak, entzuleei baimen eskean.

Oles ta oles etxekotxuok
joten diogu atiak
joten diogu atiak eta
konsolatzeko guztiak

Etxeko jaunak esan daiala
kantauko dogun edo ez
etxeko jaune ixilik da ta
kantau lagunak gogotik.

Zeanuri HLHIn ere berezia izaten da Santa Ageda bezpera eguna. Makila eskuan eta bertsoak buruan herrian zehar ibilaldia egiten dute eskolako ikasle eta irakasleek. Ardura nagusia, hirugarren zikloko ikasleek izaten dute, eta bertsolaritza klaseetan prestatuko koplak abesten dituzte. Kopla hauen egitura kopla zaharrarena da. Naturaren elementuak edo herriarenak agertzen dira hasieran eta azken bi lerroetan mezua edo eskaria egiten dute. Hemen daukazue otsailaren 4an ateratako argazkiekin hirugarren zikloko ikasleen egin duten muntaia. Gelako blogean zintzilikatuta: zeanitikmundure.blogspot.com. (Oharra: Chromekin ez da zabaltzen)