Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Mungiako plaza bete dute bertsolaritza ikasleek

2016/05/17
Herritarrek topaketa ikusteko aukera eduki dute; bertso jarriak, kantak, bat-bateko bertsoaldiak eta askoz gehiagoz gozatzeko aukera eduki dute Mungian.

Mungiara ere heldu dira bertso topaketak. Hilaren 13an, Mungiako eta Gatikako ikasleak Mungiako Andra Mari plazan elkartu ziren, bertsoagaz lotutako ikuskizuna eskaini eta haregaz gozatzera.

Arratsaldeko 6:30ean izan zen hitzordua. Horregatik, gurasoak eta herritarrak ere hurbildu ziren ikuskizunagaz gozatzera, eta plaza inguruan giro alai eta ederra egon zen.

Mungiako lau ikastetxetako eta Gatikako eskolako ikasleek parte hartu zuten ikuskizunean; guztira, Lehen Hezkuntzako 200 ikaslek.

Jone Larrinaga eta Etxahun Lekueren gidaritzapean aritu ziren gazteak. Bertso sortak kantatu zituzten, eta bat-bateko bertsoekin gozatzeko aukera ere eduki zuten Jone Uria eta Mikel Goiriena bertsolariekin. Lorea Zulaika gitarra jolearen laguntza eduki zuten ikuskizun osoan. Tartean, Taket bertso eskolako gaztetxoen parte hartzea ere egon zen.

Hurrengo topaketa etzi izango da, eguenean, Erandioko merkatuan.