Hego Uribek irabazi du 2016ko BBK Sariketaren finala

2016/03/18
Gaur jokatu da finala Bilboko Kafe Antzokian; Busturialdeko eta Hego Uribeko taldeak aritu dira bertsotan, eta azkenean, Hego Uribek batu ditu puntu gehien.

Bertsolari gazteen BBK sariketaren finala jokatu da gaur Bilboko Kafe Antzokian. Busturialdeko eta Hego Uribeko taldeak aritu dira kantuan, eta Hego Uribe taldea izan da puntu gehiago batu eta aurtengo sariketa irabazi duena. Hego Uribek 404 puntu lortu ditu; Busturialdeak, ostera, 393 puntu.

18 urtera artekoetan, Busturialdeko taldean, Beñat Bilbao Landa, Julen Karrion Lamikiz eta Lurdes Ondaro Mallea aritu dira kantuan; Hego Uribeko taldean, ostera, Ander Anakabe Lekue, Enare Muniategi Etxabe eta Iker Garitagoitia Astigarraga.

24 urtera artekoetan, ostera, Busturialdeko taldean Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Ibai Amillategi Omaetxebarria eta Gurutz Uruburu Ibarguengoitia aritu dira kantuan; Hego Uribe taldean, ostera, Txaber Ormazabal Villanueva, Andere Molinuevo Martin eta Peio Molinuevo Martin.

Gaurkoan Itxaro Juaristi Olaetxea ibili da aurkezle beharretan. Epaimahaia Alaitz Etxanobe Bereziartuak, Leire Etxebarria Gazteluk eta Miriam Juaristi Urizarrek osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Jurgi Fuentes Goikoetxea aritu da.

Bizkaiera onenaren saria Lurdes Ondaro Malleak eraman du etxera.

Sari banaketa ekitaldian Leire Aragón BBK-ko ordezkariak, Juan Gomez Ikastolen Elkarteko ordezkariak eta Beñat Vidal Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak hartu dute parte.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eskerrak eman gura dizkie aurtengo BBK Sariketan parte hartu duten guztiei.