Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Gaur izan da Eskolatik Oholtzara ekimenaren 2. saioa, Bilboko Kafe Antzokian

2015/05/20
Bertso ikasle gaztez eta bertsozalez bete da gaur ere Bilboko Kafe Antzokia, giro ederrean.

"Eskolatik Oholtzara" Bizkaiko Bertsozale elkarteak eta Zenbat Gara elkarteak elkarlanean antolatu duten proiektu berria da. Saio bi izan ditu 2014-2015 ikasturtean, eta gaurkoa izan da bigarrena. Gaurkoan ere 300 ikusle inguru bildu dira guraso eta parte-hartzaileen artean, Idoia Anzorandia Kareaga eta Igor Menika Bengoetxearen zuzendaritzapean.

Eskolatik oholtzara 2, 2015-05-20

Bilboko ikastetxeetan bertsolaritza lantzen dabiltzan ikastetxe eta bertsolari gazteen lana ikasgelatik atera eta oholtzara ekartzea du helburu nagusi ekimen honek. Bertsolari gaztetxoek parte-hartze zuzena izan dute prestaketa lanetan, eta beraiek dira egitasmo honetan protagonista nagusi.

Eskolatik oholtzara 2, 2015-05-20

Eskolatik oholtzara, 2. saioaren kronika

Arratsaldeko bostetan fin-fin eta gogotsu inguratu dira bertso ikasle gazteak ipinitako zitara. Saioa hasi aurreko ordu erdian bakoitzak bere irakaslearekin azkenengo gauzatxoak errepasatu ahal izateko. Bertso ikasleak 3 ikastetxetatik hurbildu dira, bakoitza bere irakaslearekin landutakoa erakusteko prest.

Kirikiño ikastolako hiru talde izan ditugu. Lehenengo taldeak munduari itzulia eman dio kantu bidez, bigarren taldeak Hansel eta Gretelen ipuinaren bertsio propioa kontatu du bertsotan, eta hirugarren taldeak kantua eta dantza uztartu ditu "yeye" doinuan maitasunari bertsotan.

Eskolatik oholtzara 2, 2015-05-20

Garcia Rivero ikastetxetik talde bi etorri dira. Lehenengo taldeak hainbat asmakizun bota ditu bertsotan, eta publikoan nork azkarren erantzun sortu da lehia. Bigarrenak "udarako gau luzeak" doinuarekin bertso-kantak eskaini dizkio publikoari, eta txalo zaparrada ederra jaso dute.

Eskolatik oholtzara 2, 2015-05-20

Deustuko ikastolako lehengo taldeak koloreei egin dizkiete bertsoak, gorria, berdea eta zuri nahastu dituzte, eta sortutako irudiei bertsoak bota dizkiete. Bigarren taldeak bertso antzerkia egin du, batzuk "frikiak" izan dira, besteak "guay-ak", elkarri egin diote bertsotan, batek besteari buruz pentsatzen duena esanez.  

Eskolatik oholtzara 2, 2015-05-20

Gaurkoan ere bertsolariak izan dira bat-batean, denen gozamenerako.  Jone Uria Albizuri eta Arkaitz Estiballes Ormaetxea izan dira bat-batean aritu diren bertsolariak, Kafe Antzokian giro ederra ipiniz. Aurkezleek saioari hasiera eman bezain laster, bertsolariak hasi dira kantuan gazteei sarrera emanez. Saioa aurrera joan ahala ere bertso ikasle gazteek egindako lanei egin diete bertsotan.

Eskolatik oholtzara 2, 2015-05-20

Bertsoekin hasi arren, kantuz amaitu da Eskolatik oholtzararen bigarren, eta aurtengoz, azken saioa, Beñat Aiartza gitarra jolearen eta Idoia Anzorandia eta Irati Erkizia Otegiren laguntzaz. "Furra furra" , "Ai Zapotxin" eta Esne Beltzaren "Euskaraz bizi nahi dut" abestiekin giroak goia jo du.

skolatik oholtzara 2, 2015-05-20