Bizkaia

Gai-jartzailetza eta epailetza ikastaroak antolatu dira bertsozaleentzat

2015/01/27
Algortan, Durangon eta Markina-Xemeinen eskainiko dira ikastaroak otsailean; edozein bertsozalerentzako izango dira eta gaiari buruzko sarrera eta trebatze saioa jasoko dituzte zaleek bi ordutan.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gai-jartzaile eta epaile ikastaroak antolatuko ditu otsailean. Ikastaroak Bizkaiko hiru herritan izango dira, eta bertsozaleek edertoen datorkien lekua aukera dezakete ikastaroa egiteko. Ikastaroak Algortan, Durangon eta Markina-Xemeinen izango dira, 18:30etik 20:30era. Hurrengoak dira datak:


  • Epailetza:

Otsailaren 5ean, eguena, Durangon (Bizkaiko Bertsozale Elkartearen egoitzan)
Otsailaren 12an, eguena, Algortan (Itxasganen, Aldai patronatuaren egoitzan)


  • Gai-jartzailetza:

Otsailaren 5ean, eguena, Algortan (Itxasganen, Aldai patronatuaren egoitzan)
Otsailaren 10ean, martitzena, Durangon (Bizkaiko Bertsozale Elkartearen egoitzan)
Otsailaren 11n, eguaztena, Markina-Xemeinen (Uhagon kulturgunean)


Epailetza ikastaroa Asier Ibaibarriaga Apoitak eskainiko du; gai-jartzailetzakoa, ostera, Maite Berriozabal Berrizbeitiak.

Ikastaroetan interesa daukan edozein bertsozalek parte hartu ahal izango du, ez da aurretiazko ezagutzarik beharko. Helburua bertsozaletasuna sustatzea da, eta horregaz batera, epailetzari eta gai-jartzailetzari buruzko oinarrizko ezagutzak eskaintzea ere bai. Izan ere, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zaleei formakuntzak emateko konpromisoa hartua dauka. Horregatik, interesa daukanak aurrera begira ere aukera edukiko du formatzen jarraitzeko.

Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko. Horretarako, deitu Bizkaiko Bertsozale Elkartera (94 681 27 11) edo idatzi email bat bizkaia@bertsozale.eus helbidera.

Izena emateko epea ikastaro bakoitza baino egun bi lehenago itxiko da.