Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Bizkaiko bertsolaritzaren jaia ospatuko da, zapatuan, Markina-Xemeinen

2017/05/30
Ekainaren 3an, zapatuan, Markina-Xemeinen, egun osoko jaia izango dugu. Tartean, eskolarteko finalak (idatzizkoa eta bat-batekoa) eta taldekako finala.

Ekainaren 3an, Markina-Xemeinen, Bizkaiko Bertsolaritzaren jaia ospatuko da, bertso eskolen eta bertsozaleen jaia izan gura du egunak. Gaur aurkeztu dute jaia, Markina-Xemeinen bertan. 

2017 05 30 Markina Xemein IMG 5652

Egitarau osoa dator:

Goizean eskolarteko finalak izango dira, lehenengo idatzizkoa eta ostean, bat-batekoa.

Idatzizkoan Bizkaia osoko 150 gaztetxo inguru batuko dira, hezkuntza arautuan, bat-bateko taldeetan edo bertso-eskoletan bertsolaritza lantzen ari diren gaztetxoak dira. Sariketa 5 multzotan banatuko da, adinaren arabera: 5. maila / 6. maila / DBH 1 / DBH 2 / DBH 3 eta batxilergoa.

Bat-batekoan, bestalde, 14 eta 18 urte bitarteko 40 gaztek parte hartu dute, eta horietako 8 heldu dira finalera: Aritz Landeta Terceño, Beñat Bilbao Landa, Bittor Altube Sarrionandia, Eztizen Artola Iturrate, Gorka Pagonabarraga Agorria, Iruri Altzerreka Martinez, Maider Barañano eta Naroa Torralba Rodriguez.

Eguerdian bazkari herrikoia izango dugu, bazkide bik prestatuta. Bazkari tiketak hartzeko azken eguna maiatzaren 30a da. Eta tiketak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri 10€-ren truke. Menua:

  • Makarroiak
  • Kroketak
  • Eskalopea
  • Postrea
  • Kafea

Taldekako finala 17:00etan hasiko da. 30 talde aritu dira taldekakoan, 200 lagunetik gora. Parte hartzaileen perfila anitza izan da oso: egon dira oso gazteak direnak, beteranoak, aspaldi bertsotik aparte ibili direnak, hasiberriak, taldean Elkarteko lehendakari ohiak, Bizkaiko Txapeldunak, Txapelketetan parte hartu dutenak, edo sekula parte hartu ez dutenak. Helburua aniztasun hori lortzea zen, eta lortu da.

Gainera, Bizkaiko eskualde guztietako ordezkaritza egon dago.

Finalera Abadiñoko Koipelustre´s, Iurretako Bertso Taldea eta Markina-Xemeingo Akerbeltzen Antxumak taldeak heldu dira.

Eguna borobiltzeko Joxpa taldearen erromeria egongo da.

Egun osoan zehar, gainera, herriko txosna batzordearen eskutik txosna egongo da, eta iluntzean bokadilloak egongo dira.

2017 06 03 kartela