Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Ekainaren 13an egingo da Bilboko bertso topaketa

2016/06/10
Gaur aurkeztu da Bilboko udaletxean asteleheneko topaketa; 700 ikaslek parte hartuko dute bertan.

Ekainaren 13an egingo da Bilboko Arriaga antzokian aurtengo Bilboko bertso topaketa. Gaur goizean egin da aurkezpena. Eli Arostegi Bizkaiko Bertsozale Elkarteko transmisio arduradunak, Irati Erkizia Bilboko ikastetxeetako bertsolaritza irakasle eta eragileak, eta Koldo Narbaiza Bilboko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak aurkeztu dute topaketa.

Bilboko 31 ikastetxek parte hartzen dute 'Gu ere bertsotan' proiektuan hezkuntza arautuan, bertsolaritza eskolak ematen. Ikasturteari amaiera biribila emateko, Arriagan elkartuko dira 16 ikastetxetako ikasleak. Beste 15 ikastetxeetakoek datorren urtean edukiko dute horretarako aukera. Hau da, bi urterik behin parte hartuko dute topaketetan gazteek.

Topaketan ikasleak eurak izango dira protagonista, eta horretarako, parte hartzeko modu desberdinak prestatu dira: bideo bidez bertsolariak aurkeztu, asmakizunen bidez... Bestetik, ikasleek kantak kantatuko dituzte, Lorea Zulaika gitarra jolearen laguntzarekin. Bat-bateko bertsoekin gozatzeko aukera ere egongo da: Oihana Bartra, Etxahun Lekue, Jone Uria eta Arkaitz Estiballes bertsolariak ariko dira kantuan.

10:30ean hasiko da topaketa, eta ordu bi inguru iraungo du.

Proiektuaren osagarria da Bizkaia Irratian zapatuetan ematen den Zortziko txikia programa. Ikasleek irratsaio bat grabatzen dute martitzen arratsaldeetan, eta zapatuetan emititzen da.

Astelehenean zita garrantzitsua daukate Bilboko gazteek: Arriaga antzokian, 10:30ean.