Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Loti dordokaren begietatik

2014/06/20
Bilboko erdialdean dagoen Cervantes ikastetxean bizi da Loti izeneko dordoka. Seigarren D ikasgelan egon da ikasturte osoan eta eguaztenetan bertsolaritza eskoletan ere adi ikusi dugu. Jolastordutik ikasle denak itzuli orduko bera prest egoten izan da. Ikasturte hasieran ezer gutxi zekien bertsolaritzari buruz, baina amaierarako, bere moduan bada ere, kantatzera ere ausartu da, doinu eta neurri librean, zelan ez.

Gelaren atzealdean izan du bere lekua, leihoaren ondoan. Hasieran lotsatuta zegoen, bere lekutik mugitu barik eta burua atzerantz batuta. Bazirudien ez zuela berari ezer galdetzerik nahi. Oinek zenbat balio duten konturatu da, eta ez bertsotarako bakarrik...

Ama begira zazu, Ikusi nuenean, Ai Zapotxin!!, Orbelak airez aire, Enperadorearen jantzi berria bertsotan...doinu asko ikasi ditu, bere berezko zaratagaz tartekatuz. Bertsoa errimatzen eta arrastakaz amaitzen ere ikasi du: zazpi sei, zazpi sei... hamar zortzi... 

Ikasturtea poz-pozik amaitu du. Bertsolaritza hizkuntza lantzeko tresna dela ulertu du, eta giro onean klaseko ikasle denen laguntza eduki du urritik maiatzera bitartean. Bertsolaritza une askotan freskagarria izan da berarentzat. Ofizioka ere ibili da lanean, baina batez ere, bakarkako lan isila gustatu zaio.

"Gu ere bertsotan" proiektuan emaitza bikaina ez ezik, nota oso ona atera du. Oinarrizko kontzeptuak bereganatu ditu eta jarrera egokia eduki du. Interesa erakutsi du.

Orain, garai batean Txirritak kantatu zuen moduan, "Kantabriako partian" pasatuko du udako oporraldia.