Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Busturialdea da BBK Sariketako lehenengo finalista

2016/03/02
Busturialdeak eta Durangaldeak jokatu dute gaur BBK Sariketako lehenengo finalaurrekoa; puntu gutxiren aldeagaz, Busturialdeak lortu du finalerako txartela.

Bertsolari gazteen BBK sariketaren lehenengo finalaurrekoa jokatu da gaur Arratzuko Barrutialdea institutuan. Busturialdeko eta Durangaldeko taldeak aritu dira kantuan, eta gutxigatik, baina Busturialdeko taldeak lortu du puntu gehiago batzea: 436 puntu. Durangaldeak 430 puntu lortu ditu.

Finalaurrekoa irabazita, martxoaren 18an Bilboko Kafe Antzokian jokatuko den finalean kantatuko du Busturialdeko taldeak.

18 urtera artekoetan, Busturialdeko taldean, Beñat Bilbao Landa, Enare Muniategi Etxabe eta Lurdes Ondaro Mallea aritu dira kantuan; Durangaldeko taldean, ostera, Ander Sarriugarte Garcia, Beñat Molina Uribe eta Iruri Altzerreka Martinez.

24 urtera artekoetan, Busturialdeko taldean, Gurutz Uruburu Ibarguengoitia, Ibai Amillategi Omaetxebarria eta Koldo Gezuraga Seijido aritu dira; Durangaldeko taldean, Eneko Barruetabeña Bilbao, Txaber Altube Sarrionandia eta Igor Galartza Intxausti.

Gaurkoan Olatz Larrinaga Caballero ibili da aurkezle beharretan. Epaimahaia Alaitz Etxanobe Bereziartuak, Juanjo Respaldiza Ozaetak eta Miriam Juaristi Urizarrek osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Jurgi Fuentes Goikoetxea aritu da.

Bigarren finalaurrekoa datorren astean jokatuko da, martxoaren 8an, Zallako Zine antzokian, 10:00etan. Hego Uribe eta Uribe Kostako taldeek jokatuko dute bigarren finalaurrekoa, eta han erabakiko da zein izango den aurtengo bigarren finalista.