Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Bilboko ikasleek bertsoz jantzi dute Bilborock aretoa

2014/06/04
Urtero bezala, Bilborock aretoan eman zaio amaiera Bilboko bertsolaritza ikasturteari. El Salvador Maristas, Deusto HLHI eta Zurbaran HLHI ikastetxeak izan dira aurtengoan gonbidatuak. Ikastetxeetako irakasleek Bilboko euskara, kirola eta gazteria zinegotziaren eskutik jaso dute oroigarria eta diploma.

150 ikasle batu dira Bilborock aretoan Bilboko ikastetxeen arteko topaketa ospatzeko. Gu ere bertsotan egitasmoari amaiera eman zaio ikasleen bertso eta doinuen artean.

Aurkezle lanak, Kontakatilu taldeak egin ditu. Txontxongiloa sukaldari lanetan, bertsotan eta kantari aritu da han bildutakoen aurrean. Urte guztian ikasitako bertsoak ere kantatu dituzte Aitor Agirre kitarra jole ezagunak lagunduta. Ama begira zazu, Ikusi nuenean eta Ai Zapotxin! besteak beste, euskal kanta ezagunen artean.

Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue bertsolariak ere izan dute zer kantatua. Ikusleen txalo artean igo dira eszenatoki gainera, eta ikasleen artera jeitsi eta komunikazio zuzena lortu dute, umorearen bidetik.

Bizkaia Irratiak ere izan du lekua Bertso Topaketan. Aurten gonbidatuak izan diren eskolak aurkeztu ditu: El Salvador Maristas, Deusto HLHI eta Zurbaran HLHI. Ikasturte osoan izan da Bizkaia irratian bertsoa protagonista Zortziko Txikia irrati saioan. Ikastetxeetan gelaz gela egindako bertso bildumak uhinen bidez zabaldu ditu irratiak.

Amaieran oroigarri eta diplomen banaketa izan da. 27. urtez Bizkaiko bertsozale Elkartearekin elkarlanean dabilen Bilboko Bilboko udaleko ordezkari, Sabin Anuzita, euskara, kirola eta gazteria zinegotziak, bertsogintza Bilbon proiektuan parte hartu duten ikastetxeei diploma eta oroigarria banatu die. Bertso Topaketa bertso polit bat kantatuz amaitu dute, ikasle, irakasle, erakundeetako ordezkari eta han bildu diren guztiak:

BERTSO BILDUMAK DAKAR

AURTENGO HONETAN,

UDABERRI OSTEAN

BERTSOA LORETAN,

BIZKAIKO BERTSOLARI

GAZTETXOAK BERTAN

ABESTUKO DUTENAK

BIHARKO PLAZETAN!

 

Arkaitz Estiballes Ormaetxea