Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Bertso korrika, euskahaldunak bertsolaritzara hurbiltzeko ekimena

2015/03/27
Bertso Korrika ekimena Korrikarekin batera ibili da herriz herri, Bertsozale Elkartearen, Bertso Eskolen eta Euskaltegien eskutik.

Bertsozale Elkartearen eta Aek-aren ekimena da Bertso Korrika, eta Euskal Herri osoan zehar egin dira saioak.

Korrika 19 girotzeko Bizkaian ere bertso zirkuitua osatu da, Bizkaiko Bertso Eskolen eta Euskaltegien eskutik, eta antolatu diren ekintzen artean dago Bertso Korrika ekimena. Euskara ikasleak bertsolaritzara hurbiltzea izan du helburu. Bizkaia osoan hamar bertso-eskolek hartu dute antolatzeko ardura, eta 40 bertsolari ibili dira kantuan, hainbat gai-jartzailerekin batera.

Bertso korrika egitasmoak ekintza nagusi bi ditu: saio didaktikoak euskaltegietan eta bertso saioak ondoren.

 

SAIO DIDAKTIKOAK

Saio didaktikoetarako, bertso eskolako kideak hurbildu dira euskaltegiko klaseetara. Herri bakoitzean, saio didaktikoaren ondorengo bertso saioari buruzko informazioa landu dute bertso eskolako kide eta eskualtegiko ikasleek: bertsolariak aurkeztu, bertso saioetan egiten dituzten ariketa motak azaldu, eta bertso baten sorkuntza prozesua zein den azaldu, besteak beste.

Inprobisazioa eta bat-batekotasuna terminoetan hainbat hitz agertu dira saio didaktikoetan: zortzikoa, mezua, hitzaren jolasa, abeslariak, silabak, errima...

Saio didaktikoetan bataz beste hogei lagun inguru elkartu dira eta aitortu dutenez ikasle asko harritu  egin dira euren burua bertso kantari ikusi dutenean. Kantari hasi dira klaseak Maritxu nora zoaz edo Ama begira zazu bertso doinuekin, esaterako. Ondoren galderak etorri dira: "Zenbat lerro ditu kopla bakoitzak?" "Eta lerro bakoitzak zenbat silaba?". Silabak banatuz eta atzamarrak erabiliz "lau lerro, eta zazpi eta sei silaba" dituztela ondorioztatu dute ikasleek.

Ondoren etorri dira "Bertso bat egiterakoan eman beharreko lehen pausoa bertsoaren azken bi lerroak pentsatzea da. Eta azken oina dakienean, gainerako oinak lantzen hasiko da bertsolaria".

Lehen ariketa moduan ikasitakoarekin euren burua kopla txiki batekin aurkeztea lorpen itzela izan da. Bukaeran, txalo zaparrada guztientzat.

Gainera, saioan zer topatuko duten aurrez landu dute bertso-eskolako kideak, eta saiorako gaiak ere prestatu dituzte.

BERTSO SAIOAK

Euskara ikasle askorentzat bertso saio bat entzun duten lehen aldia izan da. Horregatik, ahalegin berezia egin da saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitzen, euskara ikasleek ulertu eta gozatu ahal izateko.

Bertsozaleentzat ere saio hauetako ateak zabalik egon dira, publikoan betiko bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea gura izan baita.

 

BERTSO KORRIKAREN BIZKAIKO AGENDA

  • Martxoak 5, Durango. 19:30ean, Plateruenan.
    • Bertsolariak: Igor Elortza, Miren Amuriza,Unai Iturriaga, Manu Goiogana.
    • Antolatzaileak: Durangaldeko bertso-eskola eta AEK.
  •  Martxoak 9, Derio. 20:00etan Kultur Birikan
    • Bertsolariak: Larrabetzuko bertso-eskolako kideak.
    • Antolatzaileak: Larrabetzuko bertso-eskola eta AEK.
  •  Martxoak 10, Gernika-Lumo. 19:30ean, Elai Aretoan
    • Bertsolariak: Etxahun Lekue, Miren Amuriza, Koldo Gezuraga, Fredi Paia.
    • Antolatzaileak: Gernikako bertso-eskola eta AEK.
  •  Martxoak 12, Barakaldo. 20:00etan, Ibarrakaldun.
    • Bertsolariak: Aitor arrutia, Idoia Anzorandia.
    • Gai emaileak: Aitor Gorostiza eta Oihana Anzorandia
    • Antolatzaileak: Barakaldoko bertso-eskola eta AEK.
  •  Martxoak 12, Galdakao. 19:00etan, bertso poteoa Gandasegi aretoan.
    • Antolatzaileak: Galdakaoko bertso-eskola eta AEK.
  •  Martxoak 13, Zornotza. 19:00etan, bertso triki-poteoa tabernetan zehar.
    • Bertsolariak: Eta Abar bertso-eskolako kideak.
    • Antolatzaileak: Zornotzako bertso-eskola eta AEK.
  •  Martxoak 13, Algorta. 21:00etan bertso afaria, Kasinon.
    • Bertsolariak: Imanol Uria, Inazio Vidal, Ekaitz Larrazabal "Katxo"
    • Antolatzaileak: Algortako Bertsolari Eskola (ALBE) eta AEK.
  •  Martxoak 13, Balmaseda. 19:30ean, bertso-poteo desafioa Skamata tabernatik hasita
    • Bertsolariak: Kilika bertso eskola, Trapagako Gerrilla bertso eskola eta Zallako bertso eskolako kideak
    • Antolatzaileak: Zallako bertso-eskola eta AEK.
  •  Martxoak 18, Erromo. 19:30ean bertso poteoa, Gure Etxea tabernatik hasita
    • Bertsolariak: Peru Vidal, Jone Uria. Herriko musikariek lagunduta.
    • Antolatzaileak: ALBE eta AEK.
  •  Martxoak 27, Bilbo. 19:30ean. San Inazio auzoko Kabi Tabernan 
    • Bertsolariak: Onintza Enbeita, Ander Elortegi, Amaia Iturriotz.
    • Antolatzaileak: Bertsozale Elkartea eta AEK.
  •  Martxoak 28, Arrigorriaga. 15:00etan bertso-bazkaria Juan XXIII plazan.
    • Bertsolariak: Fredi Paia, Miren Amuriza, Andere Molinuevo eta Iker Garitagoitia.
    • Antolatzaileak: Arrigorriagako bertso-eskola eta AEK.