Twitter ikonoa fb

Bizkaia

BEK; Barakaldo Eskola Kilika

2013/12/13
Norbaiti Barakaldo eta bertsoa hitzak entzuda, BEC bakarrik etorriko zaio burura. Euskal Herriko txapelketa. Baina hori ale txiki bat (eta erraldoia aldi berean!) baino ez da gure eskualdeko bertso-munduan

Badira hamar urte baino gehiago bertsoa ezkerraldean martxan jarri zenetik. Hasi Bertso eskola izan zen bertsolaritzaren lehenengo urratsak eman zituena eta duela lau urte, indartsu sortu zen Kilika Bertso eskola Barakaldon. Gerora, Portugaleten eta Trapagan ere sortu dira bertso eskola berriak. Ez da erreza zonalde erdaldun batean euskaraz jardutea, are gutxiago euskaraz bizitzea, baina gogoz ekin genion erronkari! Ordutik ehundaka bertsolari, gai jartzaile eta bertsozale pasatu dira gure saioetatik. Horren lekuko direnak, badakite batzutan txukun eta beste batzutan desaste xamar ibili garela, baina gure sekretuak, gurean geratzen dira, eta norbaitek ezagutu nahiko balitu, gure eskualdeko ateak parez pare aurkituko ditu beti.

Gure herrietan hezkuntza arautuan ematen diren bertsolaritza klaseetaz aparte, Trapagako bertso eskolan astelehenero batzen dira gaztetxean sei lagun, Portugaleten lau, eta Barakaldon (gertutik ezagutzen dugu hau!) beste sei; gainera aurten talde berri bat sortu da zazpi pertsonekin. Ardo botila lagun, elkarri irakasten eta laguntzen ematen dugu asteroko klasea Barakaldoko Ibarra Kaldu dantza taldeak edo AEKk uzten dizkiguten gelatxoetan. Mila esker zuei! Gaurko bideoan 3 baino ez gara agertzen, pirulero koadrila bat ere bagarelako! Baina gure bertso eskola osteko tartetxoa eskeini dizuegu. Pote bat eskuetan, bertsotan eta egindakoagatik topa! Igandean bai, baina igandetik aurrera ere, gurean itxarongo zaitugu! Laster arte!