Bizkaia

Arratia BHI-ko ikasleak Galizara joango dira bertsoak eta regueifa koplen tradizioak uztartzera

2016/04/29
Maiatzaren 2tik 5era egingo dute egonaldia bertan; ostean, Galizako ikasleek bisitatuko dute Arratia.

Arratiako ikasleak Galiza bisitatuko dute datorren astean, Regueibertso ekimenaren baitan. Regueibertso ekimenaren oinarria Galiza (Baio eta Vila de Cruzes) eta Arratiako (Arratia BHI) hiru ikastetxeetako ikasleen arteko trukea da, regueifa (Galizako koplak) eta bertsoa oinarri.

Gu ere Bertsotan ekimenean parte hartzen duten Arratia BHIko DBH1eko eta DBH2ko ikasleak, Galizako regueifa koplen tradizioa berreskuratu gura duten ikasleegaz eskola trukea egingo dute. Maitzaren 2tik 5era Galizan elkartuko dira ikasle gazteak eta 13tik 16ra Euskal Herrian.

Hizkuntzak egiten gaitu. No caminho da lingua lemapean, ekimenak galiziera eta euskara indartzeko balio izango du, regueifa eta bertsolaritzaren arteko antzekotasunak eta berezitasunak antzemateko, herri bietako ikasleen arteko hartu-emanak sortzeko eta elkar ezagutza sustatzeko, beste gauza batzuen artean.

 

Proiektuaren helburuak:

Helburu nagusia, ikasle euskaldunen eta galegoen arteko kultura eta esperientzia trukaketa egitea da, hau da, hizkuntza gutxitu bitan bizi diren ikasleen arteko bizipenak hurreratzea. Horrez gain, galegoek bertsolaritzak hizkuntzari ematen dion hauspoari buruzko informazioa, bertatik bertara, jasotzea ere bada ekimen honen helburua.

Bestelako helburuak:

  • Ahozkotasuna oinarri duten ekintzak burutzea.
  • Ikasleek kulturartekotasuna eta aniztasuna moduko baloreak barneratzea.
  • Hizkuntzen garrantziari erreparatu eta erabilera bultzatzea.
  • Ikasleen elkarbizitza gaitasuna garatzea.

 

Antolatzaileak:

Arratia BHI, Arratiako Bertso Eskola eta Bizkaiko Bertsozale Elkartea dira ekimenaren bultzatzaile nagusiak. Igorreko Udala, Dimako Udala, Areatzako Udala eta Zeanuriko Udala dira babesleak, Zenbat Gara elkarteagaz batera.

Manuel Maseda, Galiziako Baioko institutuko zuzendaria eta regueifaren transmisioan beharrean dabilena eta Sechu Sende irakasle eta idazlea dira Galizan proiektuaren bultzaile nagusiak bertako erakundeen laguntzaz.