40 gazte batu dira Gorozikan Neguko Barnetegian

2015/03/11
Bariku iluntzen hasi eta domeka goizera arte egon dira Bizkaiko bat-bateko taldeetako eta bertso eskoletako 40 neska mutil Gorozikako aterpetxean. Asko izan dira lehen aldiz joan direnak eta esperientzia errepikatzeko gogoz bueltatu direnak.

Bariku arratsaldean 40 neska mutilek osatutako taldea Gorozikako aterpetxean batu zen. Aisialdia eta bertsoa uztartzea berria izan zen Bilboaldetik, Txorierritik, Arratiatik, Durangaldetik, Busturialdetik... etorritakon parte hartzaile askorentzat.  Bizkaiko eskualde denek izan zuten ordezkaritza.

Gauez lo gutxi egin arren, zapatu goizean mendirako irteera egin zuten. Mendirako arropa egokia jantzi eta goizeko 11.00etan abiatu ziren Bizkargi mendirantz.

 Aldapa, nekea eta hizketaldi eta bideko kontuekin iritsi ziren Bizkargiko tontorrera, Bizkaiko barrualdea eta itsasoa banatzen dituen gailurrera. Eguraldia lagun, hamaiketakoa jan eta handik ikusten den pasaia zoragarriari begira egon ziren.

Eguerdirako aterpetxera jeitsi eta bazkariaren ondoren bertso eskolaren ordua heldu zen. Hasteko, bertsotan eta bat-bateko ariketak egiten jardun zuten gazteek irakasle eta begiraleen laguntzaz. Askariaren ostean, etorri zen sormenerako tartea, iluntze gauean egin behar zuten agerraldia prestatzen ibili ziren. Talde bati, Fredi Paia txapeldunaren aurkezpena egitea egokitu zitzaion kantuz, eta beste taldeak Xabat Galletebeitia bertsolari finalista aurkeztu zuen.

 

Luze joan zen gaua. Ederki pasa zuten han batutako ikasleek eta baita bertsolariek ere. Ariketa asko egin zituzten baina guk hona bi aurkezpenen bideoak ekarri ditugu: On egin!!!