Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zallan eta Zumaian izango da Bertsolari Txapelketa Nagusia asteburuan

2017/10/04
Aurrekoaren antzera, asteburu honetan ere hitzordu bikoitza du Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Larunbatean, Zallako Mimetiz pilotalekuan izango da saioa eta igandean, aldiz, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenek erdibidea egin dute eta azken txanpan sartuko dira datozen bi asteburuetan. Datorren honetan, bi saio egingo dira: Zallan izango dugu hitzordua larunbatean eta igandean, Zumaian.

Bizkaira iritsiko da larunbatean txapelketa, honenbestez. Zallako Mimetiz pilotalekuan izango da saioa eta oholtza gainean ariko dira Eneko Abasolo "Abarkas", Jone Uria, Miren Amuriza, Odei Barroso, Oihane Perea eta Onintza Enbeita. Idoia Anzorandia izango da saioko aurkezlea.

Zumaian, berriz, hauxe da oholtzaratuko den seikotea: Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Asier Otamendi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo eta Nerea Ibarzabal. Marta Ugartek gidatuko du saioa.

Bi saioak 17:00etan hasiko dira eta ateak 16:00tan zabalduko dira bi aretoetan. Final laurdenotan ere puntu gehien batzen dituzten bi bertsolariek finalaurrekoetarako zuzeneko txartela eskuratuko dute: Zallako irabazleak Durangon kantatuko du azaroaren 12an, eta Zumaiakoak, Maule-Lextarren azaroaren 4an.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurden hauek antolatu ahal izateko Zallako eta Zumaiako udalen zein Zallako Anitz bertso eskolaren eta Zumaiako bertso eskolaren ezinbesteko laguntza jaso du Bertsozale Elkarteak.

Zumaiako bertsolariak

Sarrerak, www.bertsosarrerak.eus atarian

Internetez www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke bi saioetako sarrerak; ostiraleko 18:00ak arte izango dira eskuragai bertan, aurrez guztiak saldu ezean. Era berean, eta egunean bertan sarrerarik egonez gero, leihatila 15:00etan zabalduko da bi kasuetan.

Gainera, Zallan zein Zumaian salmenta puntuak daude egokituta sarrera hauek eskuratzeko: Zallakoak bertako zine antzokian eta Darbuka tabernan eskura daitezke, eta Zumaiakoak turismo bulegoan. [ADI, EGUNERAKETA: "Amaitu dira Zumaiako saiorako sarrerak"]

Xehetasun gehiago, www.bertsozale.eus atarian.

Goian, Zallan ariko diren bertsolariak; behean, Zumaian ariko direnak.