Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Etxahun Lekuek irabazi du Tolosako final laurdena

2017/10/14
Fase hau amaituta, gaur ezagutu ditugu finalaurrekoetara pasa diren 18 bertsolariak. Hastear den bigarren fase honetan batuko zaizkie txapelketan duela lau urte finalista izan ziren 6 bertsolari.

Kanpoan bakarrik ez eta giro beroa izan da gaur Tolosako Beotibar pilotalekuan. Zale ugarik jarraitu nahi izan du Bertsolari Txapelketa Nagusiko seigarren eta azken final laurdena bertatik bertara; oholtza gaineko bertsolarien artean batek finalaurreko zuzeneko txartela lortzeaz gainera, gaurko saioko emaitzarekin zehaztu baita finalaurrekora sailkatutako bertsolarien zerrenda osoa.

Guztira 1.250 lagun bildu dira Beotibar pilotalekuko jarlekuetan. Maddalen Arzallus, Jon Maia, Eneko Lazkoz, Beñat Lizaso, Xabat Galletebeitia eta Etxahun Lekue aritu dira bertsotan, Ion Zalduak proposatutako gaiei erantzunez. Binakako ofiziotan zein puntu-erantzunetan aritu ostean, kartzelako ariketarekin amaitu dute bertsolariek: "Inoiz ez bezalako besarkada eman dizu aitak".

Kartzelakoa eginda amaitu dituzte bertsolariek ariketa puntuagarriak. Etxahun Lekuek lortu ditu puntu gehien eta Tolosako saioa irabazita, azaroaren 4an Maule-Lextarreko finalaurrekoan kantatzeko aukera lortu du zuzenean. 673 puntu eskuratu ditu Lekuek; 670 Arzallusek; 662,5 Maiak; 646,5 Lizasok; 636 Galletebeitiak; eta 607 Lazkozek. Eneko Bidegain, Maite Sukia, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren, Jon Abril, Aitor Jimenez eta Iñaki Aurrekoetxea aritu dira epaile lanetan, eta Nerea Goñik eta Joxe Mari Altunak egin dituzte idazkari lanak.

Bertsozale Elkarteak Tolosako Udalari eta Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneari eskerrak eman dizkio gaurko saioa antolatzeko emandako laguntzagatik.

Finalaurreko saioak, osatuta

Azken final laurdena izanik, gaur ezagutu dugu lehen fase honetako behin betiko sailkapena eta hurrengoan parte hartzeko aukera lortu duten bertsolarien zerrenda osoa:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Final laurdenetatik sailkatutako 18 bertsolariei batuko zaizkie duela lau urte finalista izandako 6 bertsolari: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina.

Saioen egutegia eta bakoitzean ariko diren bertsolariak ikusteko, sartu honako lotura honetara.

Jarraitu txapelketa www.bertsoa.eus atarian

Asteartean amaitu ziren Tolosako saiorako sarrera guztiak eta beraz, gaurkoan ez da leihatilik zabaldu. Dena den, Beotibarrera sartzerik izan ez duen zaleak izan du saioa zuzenean jarraitzeko abagunea, www.bertsoa.eus atarian sartuta. Gainera, bihar saioko bertsoaldien hautaketa izango da eskura eta Hitzetik Hortzeran ere izango dira ikusgai, pasa den igandeko Zumaiako saioko bertsoaldiekin batera.

Bestalde, gogoratu txapelketa jarraitzeko hainbat bide daudela, besteak beste, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean dabiltzan komunikabide laguntzaileei esker.

 

Maddalen Arzallus eta Etxahun Lekue, Ion Zaldua gai jartzailearekin. / Argazkia: Alberto Elosegi - XDZ